Aurtengo kurtsoan Eskolan Konposta proiektuan ikastetxe berriak sartzen ari dira. Eta horien artean Errenteriako Sagrado Corazon Telleri-Alde ikastetxea dugu. Otsailak 15ean irakasleentzako formakuntza teknikoa jaso zuten eta bertan 14 irakasle egon ziren. Datorren asteetan, ikasleek ere sentsibilizazio saioak egingo dituzte eta ikastetxean bertan hondakin organikoak kudeatzen eta konposta egiten hasiko dira. Horretarako konpostagailu bat jarri da eta laguntza teknikoa jasoko dute.
Author Archive for Cristina Enea
ESKOLAN KONPOSTA USURBILGO LANBIDE ESKOLAN
Aste honetan Usurbilgo Lanbide Eskolan izan gara Eskolan Konposta proiektuaren barnean dagoen formakuntza saioa ematen. Bertan lanbide heziketa zentruko zuzendaria, Patxi Vaquerizo, eta EskolaAgenda21eko arduraduna, Iñaki Zendoia, beste irakasle eta zentruko garbitzaileen artean bildu ziren. Formakuntza saio honetan konpostatzea zer den, zergatik egin, konpostagailuen ezaugarriak eta erabilerak landu ziren.
Ikastetxean aurretik bi konpostagailu zeuden eta Eskolan Konposta proiektuarekin batera beste konpostagailu berri bat jarri da, bilketa eta konpostaren prozesua errazteko gunea egokituz.
LEZOKO AUZOKONPOSTA: URTEBETE EGIN DUGU
Urtebete pasa da Lezoko udalerriak auzokonposta martxan jarri zuenetik. Hori dela eta, aurreko abenduaren 10ean urtebeteko balorazioa egin zuten. Udaleko Ingurumen teknikaria eta Elkarrekin 21 Ingurumen Aholkularitza enpresako teknikariak familiek auzokonpostari egin dioten harrera positibotzat jo dute.
Momentuz 6 auzokonposta-gune daude kokatuta: Alde Zaharra, Aralar, Arretxene-Txulotxo, San Pedro, Lopene eta Altamira. Guztira 95 familiek parte-hartzen dute, eta familia kopurua kontuan izanik eta, bataz beste, familia bakoitza hiru senidez osatua dagoela onartuz eta pertsonako 0,21kg. biohondakin eguneko sortzen direla estimatuz, urte honetan ia 22.000 kilogramo konpostatu dira. Honekin batera hondakin hauen kudeaketan sortutako Berotegi Efektuko Gasen isurpenak murriztea lortu da.
Udalerri honetako auzokonposta sistemaren berezitasuna, famili bakoitzak bere konpostagailua duela da, etxekonposta sistema erabiliz baina eremu berean.
Udalak herritarrak auzokonposta egitera animatu ditu, nahiz eta gune gehienak %100ean erabili, San Pedro eta Altamirako guneetan oraindik tokirik badago.

Iturria: Izadi21 / lezo.org
ZORIONAK ETA URTE BERRI ON ETA JASANGARRIA!
Cristina Enea Fundazioko lantaldeak jai zoriontsuak eta urte berri on eta jasangarria opa nahi dizkizue, eta horretarako honako bideo hau prestatu dute! Gabon hauetan hartu autobusa, patinak, bizikleta edo paseo bat emanez egin zure erosketak, lagunekin elkartu edo zure herriaz disfrutatu!
Errenteriako Hiri-hondakin Solidoen Prebentzio-plana
Errenteriako Udalak udalerriko Hiri-hondakin Solidoen Prebentzio Plana osatu du 2015eko azaroaren 18an. Dokumentuak 50 ekintza jasotzen ditu 7 esparru tematiko zehatzetan banatuta:
Konpostatzearen kultura zabaltzea, hondakinik gabeko erosketa, elikadura solidarioa, sentsibilizazioa, informazioa eta kontzientziazioa, hondakinen berrerabilpena bultzatzea, hondakinik gabeko festa eta ekitaldiak eta sektore ezberdinen artean prebentzioa sustatzea ( hezkuntza-zentroak, udal-eraikinak, industria, … hondakin iturri handiak dira. Hori dela-eta, ahal den neurrian sektore hauengan eragiteak, sortzen den hondakin-ko purua murriztea ahalbidetuko du).
Honekin batera sentsibilizaziorako bideo bat argitaratu dute.
Prebentzio planaren osaketan honako dokumentu hauek sortu dira:
- Prebentzio diagnosia
- Hondakinen ezaugarritzea
- HHSen prebentzio-plana
- Informazio liburuxka
- Jarraipen plana
Iturria: Errenteriako Udala – Ingurumena
Gamon Txikikoek baratza jarri dute
Kurtso hasierarekin batera, Errenteriako Cristobal Gamon ikastetxekoek baratza jarri dute. Eskola Agenda 21 proiektuaren gaia “elikadura eta hondakinak” hartuz, alde batetik ikasleekin lantzeko baratza jarri dute eta, bestetik, hamaiketakoan sortzen diren hondakinak kudeatzen hasi dira, Eskolan Konposta proiektuaren bidez, eta sortutako konposta ikastexean bertan erabiliko da. Baratza Gamon Txiki eraikinean dagoen lursailean jarri dute eta martxan jartzeko, besteak beste, azaloreak, letxugak eta tipulak jarri dituzte.
Arratoiak, konpostatzaileen kezka nagusia
Konposta prozesuarekin martxan jarri nahi diren pertsonek kezka bera dute buruan: arratoi arazoak egongo dira? Edozein tokitan antolatzen den formakuntza saioetan galdera hau beti luzatzen dute. Eta egia da bere konpostagailuaren barruan inork horrelakorik aurkitzea ez duela nahi. Ba hona hemen Jon Ander Galarragak (Biologoa eta konpostaje teknikaria) bere blogean azaltzen duena, erabiltzaileen lasaitasunerako.
“Arratoiekin hasi aurretik, esan beharra daukat, konpostaje teknikari izan naizen urte hauetan eta mota guztietako ia 3000 konpostagailuei jarraipenak egin ostean, arratoiak ez direla ugariak konpostagailuetan”.
“Konpostagailua ipini den lekuan, lehendik arratoi lekua bada, konpostagailuetan arratoien bisita izateko aukerak igotzen dira. Arazoa ez da beraz konpostagailua: erreka ertzak, oilo pentsua dagoen lekuak eta edukiontziak dira arazoaren hasiera“.
“Kasurik egin gabe uzten diren konpostagailuetan, joera handiagoa dago aratoiak agertzea. Aireztapen eta gizakiaren asteroko presentziarekin, arratoiei konpostagailuara joateko joera ekiditen da“.
Sarrera guztia irakurtzeko sartu hemen.
Iturria: “Konpostazank – Konpostajearen ikerketa eta teknifikaziorako txokoa” / Jon Ander galarraga Zubeldia
Errenteriako auzo-konpost guneetako lehen konposta iritsi da
Urtebete baino gehiago joan da 2014ko maiatzean auzo-konpostajeko udal-programa abian jarri zenetik. Programa horren bitartez, familia boluntarioak etxean sortutako materia organikoa bereizten eta Udalak auzoetan jarritako konpostaje guneetan konpostatzen hasi ziren.
Horrela, ohituretan aldaketa txiki bat eginez, familia hauek ez dituzte janari-hondarrak bestelako hondakinekin nahasten eta % 40an murrizten dute sortzen duten zakar-poltsa. Ondorioz, zabor-kopuru hori ez dute zabortegira bidaltzen.
Ekimenean parte hartu zuten lehen auzoak Fanderia, Agustinak eta Gaztaño izan ziren. Ondoren, Alabergako familiek bat egin zuten eta, hauekin batera, Uztargi udal-haurtzaindegia eta Sanmarko Gotorlekuko jatetxea. Aurki lehen hiru puntuetako konpost-ontzietako konpost umotua aterako da, lehenengoz. Hala ere, aurrez laginak hartu ditu Udalak konpost umotuaren kalitate fisiko-kimikoa ezagutzeko eta Zizurkilgo Fraisoro laborategi publikoan (Gipuzkoako Foru Aldundia) analisiak egitera bidali ditu.
Gure sukaldean sortutako barazki, haragi edo arrainen hondakin organikoekin, eraldaketako prozesu natural baten ondoren, kalitate handiko ongarria eskuratzen da, lorategi, baratze edo basoetan erabiltzeko modukoa. Gainera, kontutan hartu behar da aipatutako familia horiek %40 gutxiago erabiltzen dutela hondakinak biltzeko udal-zerbitzua, egunero ingurumena eta osasun publikoa zaintzen saiatuz.

Iturria: Oarsoaldeko Hitza
San Marko Mankomunitateko 1500 ikaslek konpostatzen ikasten dute
Gipuzkoako Foru Aldundia, San Marko Mankomunitatea, Errenteriako Udala eta Cristina Enea Fundazioak sustatutako Eskolan Konposta! ekimenari esker, 13 ikastetxe beren hondakin organikoak kudeatzen hasi dira. Ikasturte osoan zehar eskola hauetan emango den biohondakinaren bilketa eta konpostatze prozesuan ikasleek paper garrantzitsua izango dutenez, hauen formakuntza eta sentsibilizazioa ezinbestekoak dira.
Hori dela eta, egun hauetan, Cristina Enea Fundazioko monitoreak saio didaktikoak burutzen ari dira. Jarduera honen helburua da, lehen hezkuntzako hirugarren zikloko eta bigarren hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleek hondakin organikoen jatorria eta konpostatze prozesua ezagutzea.
Errenteriako Hijas de la Cruz eskolan egon gara
Eskolan konposta programaren saio didaktikoa egin dugu aste honetan Errenteriako Hijas de la Cruz eskolan.












