Urtebete baino gehiago joan da 2014ko maiatzean auzo-konpostajeko udal-programa abian jarri zenetik. Programa horren bitartez, familia boluntarioak etxean sortutako materia organikoa bereizten eta Udalak auzoetan jarritako konpostaje guneetan konpostatzen hasi ziren.
Horrela, ohituretan aldaketa txiki bat eginez, familia hauek ez dituzte janari-hondarrak bestelako hondakinekin nahasten eta % 40an murrizten dute sortzen duten zakar-poltsa. Ondorioz, zabor-kopuru hori ez dute zabortegira bidaltzen.
Ekimenean parte hartu zuten lehen auzoak Fanderia, Agustinak eta Gaztaño izan ziren. Ondoren, Alabergako familiek bat egin zuten eta, hauekin batera, Uztargi udal-haurtzaindegia eta Sanmarko Gotorlekuko jatetxea. Aurki lehen hiru puntuetako konpost-ontzietako konpost umotua aterako da, lehenengoz. Hala ere, aurrez laginak hartu ditu Udalak konpost umotuaren kalitate fisiko-kimikoa ezagutzeko eta Zizurkilgo Fraisoro laborategi publikoan (Gipuzkoako Foru Aldundia) analisiak egitera bidali ditu.
Gure sukaldean sortutako barazki, haragi edo arrainen hondakin organikoekin, eraldaketako prozesu natural baten ondoren, kalitate handiko ongarria eskuratzen da, lorategi, baratze edo basoetan erabiltzeko modukoa. Gainera, kontutan hartu behar da aipatutako familia horiek %40 gutxiago erabiltzen dutela hondakinak biltzeko udal-zerbitzua, egunero ingurumena eta osasun publikoa zaintzen saiatuz.
Iturria: Oarsoaldeko Hitza