Hilabete honetan Eskolan Konposta proiektuaren parte diren hainbat ikastetxetan konpostagailu berriak gehitu dira. Oraingo honetan, Errenteriako Orereta Ikastolan jarri dira, ikasle zein irakasleak hamaiketakoan sortzen duten hondakin organikoekin eta baratza garbiketan sortutakoarekin konposta egitea dela helburu.
Orereta ikastolan ekintza honekin oso aktibo daude, “Orereta Ikastolako Añabitarteko eremua mendialdean egoteak naturan zein naturaz ikasteko aukera handiak eskaintzen dizkigu. Baso-eskola, baratzea zein ikasleek beraiek ikaskideentzako sortutako lurreko jolas-parkea izan daitezke horren adibide.”
Ikasleekin patruila berdea sortu dute. Ingurumen brigadek asteroko “misioa” dute, astelehen eta ostiraletan: lehenean, patioa garbitzen dute; eta bigarrenean, jolaslekua garbitzeaz gain, ontzi marroietako aste guztiko hondakin organikoak biltzen dituzte. Hori eginda, konposta-kaxako lana hasten da: aurreko astekoa aireztatu, bildu berri dutena gainera bota eta amaitzeko, guztia materia lehorrarekin estaltzen dute. Ikastolako baratzean erabiltzeko asmoa dugu hortik lortutako ongarria.
2016. urtean hasi ziren Orereta Ikastolan konposta egiten, bertan sortzen den konposta baratzean erabiltzeko asmoz. Ikasturte batetan sortzen zituzten hondakin organikoen kopurua bi konpostagailuen bitartez kudeatzen zen baina txiki geratu dira. “Konpostaren zikloa betetzeko denbora behar da eta konpostagailuak beteta ditugunez, gehiago jartzea erabaki dugu. Konpostagailu zaharren konposta ateratakoan lekuz aldatuko ditugu eta lau konpostagailuz osatutako konpostagune bat sortuko da”.
Lehen hezkuntzako ikasleen sentsibilizaziorako geletan hainbat saio didaktiko burutzen ari dira ere, jolas batzuen bitartez etxe-hondakin mota guztiak nola kudeatu behar diren ikasiz.
Iturria: Orereta Ikastola