Eskolan  Konposta

albistea

Hondakin Organikoen Bilketa Berrogeialdian Sanmarkos Mankomunitateko udalerrietan

Berrogeialdiarekin batera biztanlerian kezka bat sortu da. Nola kudeatu gure hondakinak? Aurreko artikulu batean kasu positiboak dauden etxeetan zer egin adierazi zen. Oraingo honetan iritsi diren kezka edo galdera batzuk erantzun nahian, Sanmarkos Mankomunitateko udalerri ezberdinetan hondakin organikoak nola biltzen diren aztertu nahi izan dugu.

DONOSTIA

Hondakin organikoen bilketa betiko moduan egingo da. Kaleko bosgarren edukiontzia erabiltzen jarraitu daiteke. Poltsa konpostagarriak lortzeko zailtasunak izango dira udalerri honetan makina gehienak kultur etxe eta polikiroldegietan kokatuta baitaude. Momentuz gune bakarrean eskura daitezke: Morlanseko udaltzaingoaren eraikinean. Udalak banatzen dituen poltsa agortzen bazaizkigu, aste hauetan poltsa konpostagarriak supermerkatuan erostea gomendatzen da eta bilketa zerbitzua erabiltzen jarraitzea.

ERRENTERIA

Hondakin organikoen bilketa betiko moduan egingo da. Kaleko bosgarren edukiontzia erabiltzen jarraitu daiteke. Poltsa konpostagarriak lortzeko zazpi gune ezberdinetatik lau hauetan lortu ahal izango dira:

  • Kaputxinoak: Sorgintxulo kalea, 11
  • Iztieta: Nafarroa etorbidea 24. San Jose Obrero Elizan
  • Udaletxea: Herriko plaza
  • Beraun: Aita Donostia kale atzealdean. Erretiratuen elkarte ondoan

PASAIA

Udalerri honetako hondakinen bilketa ez da murriztu eta poltsa konpostagarriak betiko guneetan jaso ahal izango dira.

  • Donibane: Erabilera anitzeko eraikineko kirol-eremuaren sarreran (arraun-elkartearen gainean), Lezobidea, z.g.
  • San Pedro: Herriko plazan, Alkateordetzako beheko solairuan (liburutegiko sarreran).
  • Antxo: Gure Zumrdian, automatikoki garbitzen diren komunen ondoan.
  • Trintxerpe: Alkateordetzan, Euskadi etorbidea z.g. (Udaltzaingoaren eta Trintxerpeko HAZ bulegoaren ondoan).

HERNANI 

Atez ateko zerbitzua betiko moduan jarraitzen du eta hiri hondakinen gaikako bilketa egokitu da COVID-19 dela eta berrogeialdian edo gaixorik daudenen etxebizitzetan. Kutsatuta dauden edo egon daitezkeen herritarren hondakinak beste etxeetakoekin ez nahasteko hartu dute neurria, birusaren kutsatze-arriskua gutxitzeko helburuarekin.

Famili hauei hondakin guztiak poltsa batean sartu eta udalarekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie (943 54 30 16 edo eta 668 84 17 74 telefonoetara deituta). Beste herritarrei eskularruak, maskarillak eta musuzapiak errefusaren kuboan botatzeko eskatu zaie.

LEZO

Udalerri honetako hondakinen bilketa ez da murriztu eta aste hauetan errefusarako eta hondakin organikoetarako edukiontziak irekitzeko erabiltzen den giltza kentzea erabaki da, edukiontzi hauek irekiak egongo dira, alegia. Poltsa konpostagarriak ezingo dira udal polikiroldegian eskuratu.

USURBIL

Atez ateko sistema egokitu du udalak kutsatuta edo berrogeialdian dauden etxeetan. Atez atekoak bere horretan jarraituko du, Covid19 birusarekin berrogeialdian edo isolatuta daudenekin izan ezik. Famili hauei hondakin guztiak poltsa batean sartu eta udalarekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie, 669 87 40 22 telefonora deituta.

Beste herritarrei eskularruak, maskarillak eta mukizapiak errefusaren kuboan botatzeko eskatu zaie.

OIARTZUN

Oiartzungo Udalak COVID-19arekin kutsatuta edo berrogeialdian dauden herritarren hondakinen bilketa berezia egingo du. Bilketa antolatu ahal izateko, kutsatuta edo berrogeialdian dauden herritarrek udaltzaingora deitu beharko dute beren egoeraren berri emateko (943 49 33 11). Ondoren, udaletxetik berriz deituko zaie beren hondakinen bilketa noiz egingo den zehazteko eta jarraitu beharreko prozedura azaltzeko.

COVID-19arekin kutsatuta edo berrogeialdian dauden herritarrek hau egin beharko dute euren hondakinak beste inor arriskuan jarri gabe bildu ditzan Udalak: gelan hondakin guztiak poltsa hermetiko batean sartu; gelatik atera aurretik, poltsa hori itxi eta beste poltsa batean sartu; azkenik, bigarren poltsa hori gainontzeko errefusaren poltsan sartu eta atera.

Gainerako herritarrek hondakinak ohiko moduan atera beharko dituzte, egun bakoitzean dagokion frakzioa.

URNIETA

Urnietako Udalak errefusa botatzeko edukiontziak behin-behinean egunero irekitzeko erabakia hartu du, material prebentiboak erabili behar dituzten pertsonek, hala nola eskularruak edo maskarak, erabili ondoren bota ahal izan ditzaten. Material horiek kontu handiz bota behar dira errefusaren edukiontzira, poltsa batean sartu eta hermetikoki itxita, kutsatzeak saihesteko.

Udalak espero du neurri hori behar duten pertsonek erabiltzea, eta hondakinak bereizteko orduan herritarrek izan duten jokabide ona ez aldatzea. Bestetik Lekaion kokatutako poltsa konpostagarrien makina eskuragarri ez dagoenez, brigadek poltsak Lekaioko sarreran eskuratzeko aukera ematen dute, ordutegi murriztuarekin. Txartela aurkeztuta edo bizilagunari gerturatzeko ere eskura egongo dira.

ASTIGARRAGA

Gaixoen hondakinen poltsak errefusaren edukiontzian utzi behar dira. Erabat debekatuta dago gaixo duden pertsonen hondakinak gaikako bilketarako edukiontzietan uztea, baita edukiontzien inguruan ere.

Hori dela eta, alarma egoerak irauten duen bitartean organikoaren eta errefusaren edukiontziak egunero egongo dira irekita. Era berean, egoera honek irauten duen epealdian ez da txartelik beharko errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak irekitzeko. Bolumen handiko hondakinak ez dira jasoko.

LASARTE – ORIA

Hondakin organikoak modu arruntean bilduko dira, koronabirusa edo berrogeialdia duten pertsonak dauden familia edo etxebizitzetan izan ezik; azken kasu horretan, gaikako bilketa  duten gainerako udalerrietan bezala jokatuko da. Kaleko bosgarren edukiontzia erabiltzen jarrai daiteke. Poltsa konpostagarriak udaletxe zaharrean jarritako makinan jasotzen jarrai dezakete.

Ez utzi hondakin poltsarik edukiontzien inguruan eta hondakin mota bakoitza dagokion edukiontzian utzi. Joka dezagun arduraz!

Konposterako eta erosketetarako erabiltzen ditugun erabilera bakarreko eskularruak, errefusara.

Egun hauetan, koronabirus kasuaren hedapenarekin, produktu baten erabilera biderkatu da. Egunerokotasunean, kalera irteteko edo eta laneko jardunaldietan erabilera bakarreko eskularruak zabaldu dira. Maila partikularrean, ez dago protokolo ofizialik eskularru horiek pertsona indibidualengan erabiltzeko, kutsatu ez daitezen. Izan ere, Maria Neira OMEko Osasun Publikoko zuzendariak asteazken honetan Rac-1 irratiari adierazi dionez, botiken hornikuntzarik ezaren egungo egoera “irrazionala eta neurrigabea” da. Neurririk eraginkorrena, gogorarazi duenez, eskuen higiene ona mantentzea da.

Albiste honen bidez, gizarteak erabili ondoren eskularru horiek nola desegiten dituen jakinarazi nahi da. Badira modu zibilizatuan behar bezala biltzen dituztenak. Baina badira beste asko, denda batetik ateratzean edo autoan ibiltzen direnean eskularru horiek lurrera botatzen dituztenak, ondorioetan pentsatu gabe. Nork jasoko ditu gero eskularru horiek? Pertsona hori kutsatuta egon daitezkeen eskularru horien eraginpean jarriko da? Haizearen eraginez, eskularru hori putzuren batean, ibairen batean edo zuzenean itsasoan amaituko da? Galdera horiek eta beste asko dira bai hondakin honekin bai kaleetan eta gure izaeran egunez egun abandonatuta aurkitzen diren beste askorekin helarazi nahi ditugunak.

“Erabili eta gero zakarrontzira!” kanpainaren bitartez, biztanleriari hondakinen kudeaketa on bat gerturatu nahi diogu. Eta kasu honetan, eskularruak nora bota?

Ecoembes enpresaren hitzetan, <<Etxean zauri txikiak garbitzeko, prestatzeko edo sendatzeko eskularruak erabiltzea ohikoa da. Objektu horiek birziklatzeko orduan, egin behar dugun lehenengo gauza eginda dauden materiala egiaztatzea da, aukerak oso ugariak baitira. Gainera, kontuan hartu beharko dugu kutsatuta edo zikin dauden, horrek ere baldintzatuko baitu haien birziklatzea.

Material organikoz zikinduta badaude (janaria, landareak, odola …), hondakinentzako edukiontzian utzi beharko dira, grisean. Ez badaude eta zuntz sintetikoz egindako eskularruak badira (neoprenoa, PVC edo nailona, besteak beste), bereizi egin beharko dira, kontuan hartuta material bakoitza edukiontzi desberdinetan uzten dela. Nailon eskularruak ere edukiontzi grisera joan behar dira, adibidez; neoprenozkoak, berriz, arropa edukiontzietan utzi beharko dira. PVCkoak, berriz, edukiontzi horian birziklatuko dira. Zuntz naturalen gertaerak (zelulosa edo zeta) garbigune batean utzi beharko dira.>>

Kasu hauetaz gain, konpostarekin lan egiteko berrerabilgarriak diren eskularruak erabiltzea gomendatzen da. Konpostagailuan izango diren lanen arabera, erabilera bakarreko eskularruak oso hauskorrak dira eta patogeno zein zikinkeriatik ez dute hain ondo babesten. JardineriaON web orrian adibidez, eskularruen konparaketa on bat aurki dezakezue.

POSTERRA eskuratu.

Positiboak dituzten etxeetan zaborra maneiatzeko gomendioak edo berrogeialdian COVID-19 bidez.

Iturria: Sanmarkos.eus

Sanmarkos Mankomunitateak hiri hondakinen kudeaketari buruz adierazpen batzuk argitaratu ditu bere web orrian.

Gaixoaren hondakinak, erabiltzen duen erabili eta botatzeko materiala barne (zapiak, eskularruak, maskarak), plastikozko poltsa batean (1.poltsa) ezabatu behar dira, gelan dagoen zaborontzi batean, ahal dela estalkia eta irekitzeko pedala erabilita, birziklatzeko inolako bereizketarik egin gabe.

1. poltsa behar bezala itxi behar da, eta 2. poltsan sartu, gelaren irteeraren ondoan. Bertan, gainera, zaintzaileak erabilitako eskularruak eta maskara utziko dira, eta gelatik irten aurretik behar bezala itxiko da.

2. poltsa, aurreko hondakinekin batera, etxeko gainerako hondakinekin batera etxeko zabor orokorreko poltsan utziko
da (3. poltsa), hondarreko zatikiari edo errefusa izateari dagokiona.

3. poltsa, behar bezala itxita, edukiontzi grisean bakarrik utziko da, hondarreko frakzioari edo errefusari dagokion edukiontzian.

Informazio gehiago HEMEN.

 

Hondakin Bakoitza dagokion edukiontzira

Izenburu horrekin abiatu zen 2019-2020 ikasturtea, ikastetxeetan sortzen diren hondakin ezberdinak ondo kudeatzeko asmoarekin. Hondakin organikoez gain, bestelako hondakin guztiak nola sailkatu behar diren adierazten duen kartel bat prestatu da.

Askotan kartel bat ikusten dugunean irakurtzera ez gara gelditzen. Horregatik, adin guztietarako, haur zein helduentzako, marrazkien bidez adierazitako kartel berri honetan, ikastetxeetan nabariak diren hondakinak adierazi nahi izan dira. Honela gure hiri eta herrietako gaikako bilketa erabiliz (edo atez ateko zerbitzua erabiliz) ikasleek bereziki hondakinak nola sailkatu behar ditugun ikasiko dute.

Gaikako banaketa egiteaz gain (ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta hondakin organikoak) ikastetxeetan sortzen diren beste hainbat hondakin nola bideratu ere adierazi nahi izan da. Adibidez, ikastetxeetan idazteko material asko erabiltzen da eta hauen erabilera agortzen denean errefusara bota beharrean gaixotasun ezberdinen ikerketan laguntzeko material hauek birziklatu daitezke.

Zuen ikastetxerako kartelak nahi izanez gero gurekin harremanetan jarri ohiko komunikabideak erabiliz (cristinaenea@donostia.eus edo eta 943 45 35 26 telefonora deituz) edo ONdakin proiektuaren web orriaren bidez.

 

2019-2020 IKASTURTEARI ONGI ETORRIA

2019-2020 ikasturteari hasiera eman diogu eta udan itxita gelditu diren konpostagailuei errepasua eman diegu. Ikasleei aurten ere konpostaren zikloa ikasteko aukera emango diegu eta horretarako azkeneko urtean zehar lortutako konposta atera da. Hainbat ikastetxetan oraindik konposta nahiko hezea dagoenez, gabonak bitartean lehortzen utziko da eta ikasleen laguntzarekin galbahetik pasa eta prest utziko da, gero konpost hori baratza edo landaretan erabili ahal izateko.

 

Behin erabiltzeko, konpostagarria eta jangarria den ontziteria!

Biotrem enpresak eginiko ontziteria Jerzy Wysocki jaunak sortutakoa da, XX. mendeko hasierara atzera egingo dugu, famili honen ehoketa lanak ezagutu arte. Gaur egungo gari-zahiaz eginiko ontziteri fabrikazioa lehengai naturaletan eta ur kantitate txikitan oinarritzen den prozesu teknologiko eta garbi bat da. Prozesu amaiera presio eta tenperatura altuetan ematen da.

Zahia zerealen kanpoko geruza da: garia, zekalea, oloa… Zahia fibra dietetikoan eta gantz-azidoan aberatsa da eta almidoia, proteinak, bitaminak eta mineral dietetikoak ditu. Zahiak azido fitikoa du ere, elikagaien absortzioa deuseztaten duena.

Biotremek eginiko ontziteria janari hotzak eta beroak zerbitzatzeko balio du. Labean eta mikoruhin-labean ere erabili daiteke. Eta hoberena, 30 egunetan konpostatzen den produktu bat da (paperezko platerak 6 hilabete behar dute eta plastikozkoak ordea ehundaka urteak) eta gainera, zuzenean jan daitezke!

INFORMAZIO GEHIAGO

Pipa azalekin konposta

Azken urtean 100 tona pipa inguru kontsumitu ziren liga osoko futbol estadioetan. Eta pipa horien azalen %70 baino gehiago lurrera bota ziren. Horrek arazo bat dakar, garbitasunaz haratago, beste hondakin batzuekin nahasi eta ezin direlako birziklatu. Aitzitik, bereizita jasotzen baditugu, errefusa izatetik lehengai baliotsu izatera igaro daitezke.

Horregatik, Real Sociedad Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak, Ekotraderen lankidetzarekin, ekimen berritzaile bat garatu dute, Espacios Intermedios diseinu estudioak asmatua, gestio sozialean eta ingurumenekoan urrats bat aurrera egiteko. Horretarako, “Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara” kanpaina sortu dute, eta hortik aterako den produktua ongarri bat da, Anoetako estadioan jasotako pipa azaletatik sortua, Kutxa Ekogunearen Gipuzkoako baratzetako lurra ongarritzeko.

Zertan datza egitasmoa? Zaleei ontzi laranja biodegradagarri bat emango diegu, landareen tintaz diseinatua, partidan zehar pipa azalak sartzeko. Horrela, proiektuaren aktore nagusi bihurtuko dira, parte hartzea erabakigarria izango baita arrakasta izateko.

Partiden ondoren, zaleek berariaz jarritako kolore berdineko edukiontzietan sartuko dituzten ontziak. Ondoren, baratzetako hondakin freskoekin nahastuko dira, konpostatzeko metetan, eta, 9-12 hilabeteko prozesu baten ondoren, ongarri zaku bihurtuko dira Gipuzkoako lurrerako. Horrenbestez, egitasmoaren sinbolo bat edukiko dugu, jendearen ekarpena gauzatuz eta objektu baliotsu bihurtuz.

Proiektua Anoeta Estadioan  tribunaz-tribuna jarriko da martxan, azken bi partidetan Estadioko Ekialdeko Tribunaren Goikaldean probatu eta emaitza bikaina lortu ondoren.

Hurrengo bi partidetan Ekialdeko Tribunaren Behekaldean eta Aitor Zabaleta Tribunaren Goikaldean martxan jarriko da projektu, ondoren beste tribunetara hedatzen joateko.

Projektu hau Estadioan hedatzeko ATZEGIren laguntza daukagu. Bera da hau gauzatzeko behar diren bolondresak jartzen dituena, “Gure txanda da” bere sentsibilizaio kanpainarekin bat eginez.

Ekimen horrekin, Realak erantzukizun sozialean eta pertsonekiko eta ingurunearekiko konpromisoan jokatu beharreko rola jokatzen du, jakitun baita futbola izan daitekeela biderik onena ingurumen portaera jasangarriagoak bultzatu eta anplifikatzeko.

Halaber, Kutxa Ekoguneak gizartean ohitura jasangarriak ezartzea bultzatzen du, eta ekonomia zirkularra sustatzen du, klubarekin zein zaleekin elkarlanean arituz.

“Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara”, hondakinak kudeatzeko egitasmo aitzindaria, gizarte osoarentzako jarraibide bihurtu nahi dena.

 

Oiartzungo Elizalde Herri Eskolak urteko konposta atera du

Gaur goizean Elizalde Herri Eskolako ikasleekin egon gara urtean zehar egin duten lana ikusteko. Bertako ikasleek bi konpostagailu erabiltzen dituzte eskolan hamaiketako garaian eta Haur Hezkuntzako fruta egunean sortutako hondakin organikoak biltzeko. Aste honetan bi konpostagailuak beteta zeudela topatu dute eta lehenenego konpostagailuko konposta eginda zegoela ikusi dute. Beraz konpostagailua hustu da, berriz ere prozesuarekin hasi ahal izateko. Guztira bi zaku handi konpost atera dute eta ikastetxeko zuhaitzetan eta ikasleekin tailerrak egiteko erabiliko da.

Don Bosco Institutuko ikasleek hondakinen prebentizorako ikastaroa jaso dute

Errenteriako Don Bosco lanbide heziketako ikastetxe integratuan hondakinen prebentziorako ikastaroa jaso dute azkeneko aste hauetan. Ikastaroa lehenengo mailan dauden ikasleek jaso dute eta hondakin arriskutsuen eta etxe hondakinen prebentziorako informazioa jaso dute. Automozioa, eraikuntza metalikoak eta soldadura, elektronika-telekomunikazioak, hotz eta beroa, kimika eta mekatronikako departamentuetako ia 500 ikaslek parte hartu dute ordubeteko jarduera honetan.

Eskolan Konposta proiektuan beste lanbide heziketa zentru hauek ere parte hartzen dute:

  • Usurbilgo Lanbide Eskola
  • EAGI Lasarte
  • “Blas de Lezo” Pasaiako Itsas Arrantza

Kalitatezko konposta proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetan

Gaur Donostiako Altza Herri Ikastetxean egon gara eta azkeneko urtean egindako lanaren emaitza ikusteko aukera izan dugu. Ikastetxe honetan konpostagailu bat jarri zutela lau urte pasa dira jada eta baratzaren ezinbesteko elementua bilakatu da. Konpostagailu honen bitartez ikastetxean sortzen diren hondakin organikoen zati handia kudeatzen da. Ikasleek gune ezberdinetan sortutako hondakinak, irakasleen geletan sortzen dena, baita Haur Hezkuntzan ohikoa den “fruta egunean” sortutakoa ere.

Lortu den konposta baratzan erabiltzeko prest utzi dute. Horretarako konpostagailua ireki eta barruko produktu guztia galbahetik pasa dute. Honela, gelditzen ziren egur zatiak kendu dituzte eta konpost fina eta garbia lortu dute.

Dagoeneko 53 ikastetxek parte hartzen dute Eskolan Konposta proiektuan, ikastetxerako baliabideak lortuz eta ikasleekin saio didaktikoen bitartez hondakinen prebentzio kanpainia egitea lortuz.

 

Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies. +Info

Cookien erabilpena. eskolankonposta.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko eta azterketa analitikoak egiteko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Uso de cookies. eskolankonposta.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación y realizar analíticas. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

Itxi / Cerrar