Hilabete honetan Eskolan Konposta proiektuaren parte diren hainbat ikastetxetan konpostagailu berriak jarri dira. Oraingo honetan, Donostiako Jakintzan Ikastolan konpostagailuak jarri dira, ikasle zein irakasleak hamaiketakoan sortzen dituzten hondakin organikoekin eta baratze garbiketan sortutakoarekin konposta egitea dela helburu.
Jakintza Ikastolako Lehen Hezkuntzako eraikinean baratzea sortzearen aldeko apustua egin da, ia bere osotasunean gune artifiziala den eremuari gune natural bat txertatu eta ikasleekin baratzearen lanketa egin ahal izateko. Baratzea martxan jartzearekin batera, bertan sortzen diren hondakin naturalak zein hamaiketakoetan sortzen direnak ikastetxean bertan kudeatzeko erabakia hartu da, Eskolan Konposta egitasmoarekin bat eginez.
Ikasleen ardura izango den konpostagailuen kudeaketa egokia izan dadin, irakaslegoari zein ikaslegoari zuzendutako tailer zein formakuntza saioak eskaintzeari ekin zaio, hondakin organikoen zikloa ixtearen beharraz eta garrantziaz hausnartu eta bide horretan pausoak ematen joateko.