Gaur Donostiako Altza Herri Ikastetxean egon gara eta azkeneko urtean egindako lanaren emaitza ikusteko aukera izan dugu. Ikastetxe honetan konpostagailu bat jarri zutela lau urte pasa dira jada eta baratzaren ezinbesteko elementua bilakatu da. Konpostagailu honen bitartez ikastetxean sortzen diren hondakin organikoen zati handia kudeatzen da. Ikasleek gune ezberdinetan sortutako hondakinak, irakasleen geletan sortzen dena, baita Haur Hezkuntzan ohikoa den “fruta egunean” sortutakoa ere.
Lortu den konposta baratzan erabiltzeko prest utzi dute. Horretarako konpostagailua ireki eta barruko produktu guztia galbahetik pasa dute. Honela, gelditzen ziren egur zatiak kendu dituzte eta konpost fina eta garbia lortu dute.
Dagoeneko 53 ikastetxek parte hartzen dute Eskolan Konposta proiektuan, ikastetxerako baliabideak lortuz eta ikasleekin saio didaktikoen bitartez hondakinen prebentzio kanpainia egitea lortuz.