Orain, etxean denbora gehiago ematen dugunez, agian gehiago jabetuko gara egunero sortzen dugun hondakin kopuruaz. Aukera polita izan daiteke belaunaldi gazteenak iraunkortasunera hurbiltzeko, gure hormak apaintzeko ez ezik, etxean sortzen ditugun hondakinen tipologia argi eta garbi erakusten duen eskulan honen bidez.
Gure lankide Josemari Rodriguezek, Eskolan Konposta eta ONdakin bezalako proiektuen arduradunak, etxeko txikienekin egin dezakegun jarduera xume hau proposatzen digu. “Aukera bat da haurrek hondakinak identifikatzen eta bereizten ikas dezaten”, esan digu Josemarik, eta gaineratu du jarduera honek “kontsumo-ereduei zein hondakinei buruzko hausnarketa” egiten laguntzen duela.
Horretarako, Cristina Enea Fundazioko teknikariak taula bat egin du (albiste honek erantsita duen artxiboan eskura dezakezue), asteko egunak eta hondakinen tipologia adierazita. Jarduera erraza da: etxean sortzen ditugun hondakin mota ezberdinekin egunero betetzea. Zer kolorerekin? Hondakin bakoitzetik sortzen dugun kantitatearen arabera, kolorea berdetik (mota horretako zero hondakin) beltzera (bost hondakin edo gehiago) joan daiteke.
Horrela, “txikienen sormena sustatuz”, astero kolore ugariko koadro polit bat lortu ahal izango dugu, bi gauzatarako balioko diguna: gure etxea apaintzeko eta etxean sortzen dugun hondakin kopurua argi ikusteko. “Etxe guztiak, eta aste guztiak, ezberdinak dira; ondorioz, beti aterako zaizkigu koadro ezberdinak”, adierazi du Rodriguezek.