Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak Donostiako Iraunkortasunari buruzko Urteko Txostena publikatu du, 2015. urteari dagokiona. 15 ataletan banatuta dauden 47 adierazleren bidez hiriko ingurumen-egoeraren diagnostikoa egiten du txosten honek, denboran zehar izan duten bilakaera aztertuz eta lortutako datuen inguruan hausnartuz. Bestalde, gizonen eta emakumeen presentzia desberdina bereizi ahal izan diren esparruetako genero-ikuspegi zehatzagoa biltzen du txostenak, bai eta aukera parekotasunaren aldeko Erakunde laguntzaileei buruzko adierazle bat ere.
Hondakinen esparruan, aurreko urteetako joerai eutsiz, sorturiko hondakin kopurua murriztu egin da (2014an baino % 1 gutxiago, biztanle bakoitzak eguneko 1,18 kg hondakin sortuz). Gora egin du bereizketa bidez bildutako hondakin kopuruak (2015ean sortutako hondakin kopuru osotik % 38 bereizketa bidez bildu zen, 2014an kopurua % 36 izan zelarik). Bereizketa bidez jasotako hondakin kopurua 0,45 kg pertsonako eta eguneko izan da, eta zabortegira eramandako hondakin kopuruak % 5 egin du behera, 0,73 kg/pertsona/egun izanik, azken 13 urteotako mailarik txikiena. Orotara 21.050 familiak eta gisa ezberdineko 1.559 saltokik hartzen dute parte edukiontzi berezien bidez materia organikoa biltzeko sisteman. Bildutako materia organikoa 4.770.700 kilotara iritsi da, 2014an baino %101 gehiago. Gainera, 625 etxebizitzak dute konpostagailu indibiduala eta 85 familiak hartzen dute parte hiriko 10 auzotan abian jarritako auzo-konposta programan.
Iturria: Crisitian Enea Fundazioa