Urte batzuk pasa dira Donostiako udalerrian auzokonposta egiten hasi zenetik. Hasiera batean Igeldo, Bera Bera eta AñorgaTxikin jarritako auzokonposta guneak inguruko bizilagun eta familiak erabiltzen hasi ziren. Honen arrakasta ikusita, auzokonposta guneak hedatzen joan dira eta gaur egun hamar auzokonposta gune daude udalerrian. Horien artean: Bera Bera, Añorga Txiki, Igeldo, Zubieta, Morlans, Errotaburu, Martutene, Ulia, Bidebieta eta Intxaurrondo.
Lan hori auzokideei erakustearren, datorren larunbatean, azaroaren 19an, Beraberako (Aieten, Kirolaren plazaren ondoan) auzo konpostaguneko ate irekien eguna ospatuko da, goizeko hamaiketatik ordubatera. Auzokideek eta interesa dutenek aukera izango dute konpostaguneko azpiegitura ikusteko, eta bertan sukaldeko hondakin organikoak konpostatzeko jarraitzen den prozedura ezagutzeko. Konpost ondua ikusi, ukitu eta usaindu ahalko da, eta baita poltsatxo bat etxera eraman ere, loreontzietan erabiltzeko. Halaber, auzokonpostan parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du.
Eguraldi ona egiten badu, datorren larunbatean, azaroaren 26an, Añorga Txikin ate irekien eguna ospatuko da ere. Bi ekitaldi hauetara gerturatzeko astirik ez baduzu baina auzokonpostan parte hartu nahi baduzu, 943483390 telefonora deitu dezakezu edo ingurumena@donostia.eus helbidera email bat idatzi.
AUZOKONPOSTAGUNEEN FUNTZIONAMENDUA
Konpostaguneek modu autonomoan funtzionatzen dute. Udalak azpiegitura muntatu, beharrezkoak diren tresnak jarri, eta materia lehorra (egituratzailea) hornitzen die; gainerako lanak bizilagunek hartzen dituzte bere gain. Bizilagun bat edo biren artean arduradunaren lanak egiten dituzte: astean bitan materiala nahastu eta egituratzailez estali, egituratzailea bukatzen denean udalari jakinarazi, taldea koordinatu, etab. Gainerako partaideek lagundu behar dute konposta ondua ateratzen eta galbahetik pasatzen. Egindako konposta beraiek eramaten dute etxera, loreontzietan edo baratzetan erabiltzeko.