Urtebete pasa da Lezoko udalerriak auzokonposta martxan jarri zuenetik. Hori dela eta, aurreko abenduaren 10ean urtebeteko balorazioa egin zuten. Udaleko Ingurumen teknikaria eta Elkarrekin 21 Ingurumen Aholkularitza enpresako teknikariak familiek auzokonpostari egin dioten harrera positibotzat jo dute.
Momentuz 6 auzokonposta-gune daude kokatuta: Alde Zaharra, Aralar, Arretxene-Txulotxo, San Pedro, Lopene eta Altamira. Guztira 95 familiek parte-hartzen dute, eta familia kopurua kontuan izanik eta, bataz beste, familia bakoitza hiru senidez osatua dagoela onartuz eta pertsonako 0,21kg. biohondakin eguneko sortzen direla estimatuz, urte honetan ia 22.000 kilogramo konpostatu dira. Honekin batera hondakin hauen kudeaketan sortutako Berotegi Efektuko Gasen isurpenak murriztea lortu da.
Udalerri honetako auzokonposta sistemaren berezitasuna, famili bakoitzak bere konpostagailua duela da, etxekonposta sistema erabiliz baina eremu berean.
Udalak herritarrak auzokonposta egitera animatu ditu, nahiz eta gune gehienak %100ean erabili, San Pedro eta Altamirako guneetan oraindik tokirik badago.

Iturria: Izadi21 / lezo.org




