Herriko zazpi ikastetxetako 3.500 ikasle baino gehiagok elikadura jasangarriaren gaia aztertu zuten joan den ikasturtean zehar, Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan. Cristobal Gamon LH, Koldo Mitxelena BHI, Bizarain ikastola, Langaitz BHI, San Jose Gurutzearen Alabak, Telleri-Alde eta Don Bosco ikastetxeetako ordezkariak Udaletxeko Areto Nagusian elkartu dira berriz, Errenteriako Alkatearen eskutik, ikasturte amaieran Udalari egindako proposamenen erantzuna jasotzeko.
Ikasleek egindako proposamenen artean, besteak beste, ondorengoak daude: hondakin organikoak bereizi eta konpostatzea sustatzea, bertan ekoitzitako elikagaiak indartzea herritarren artean informazio zabalduz, merkatuan bertako produktuen salmenta-postuei erraztasunak ematea, eskualdeko produktuak saltzeko makinak jartzea eta Udalak antolatutako ekimenetan kontsumoa eta elikadura jasangarriarekin bat datozen irizpideak aplikatzea.
Alkateak aipatu die etxebizitzetako hondakin organikoak martxoan gaika biltzen hasi zirela eta, horretaz gain, dagoeneko, zenbait jatetxekin eta ikastetxeekin konposta egiteko programak ere martxan daudela (Gure Eskolan Konposta! proiektua).
Iturria: Errenteriako Udala/Ingurumen Saila




