Eskolan  Konposta

Tag Archive for Errenteria

Don Bosco Institutuko ikasleek hondakinen prebentizorako ikastaroa jaso dute

Errenteriako Don Bosco lanbide heziketako ikastetxe integratuan hondakinen prebentziorako ikastaroa jaso dute azkeneko aste hauetan. Ikastaroa lehenengo mailan dauden ikasleek jaso dute eta hondakin arriskutsuen eta etxe hondakinen prebentziorako informazioa jaso dute. Automozioa, eraikuntza metalikoak eta soldadura, elektronika-telekomunikazioak, hotz eta beroa, kimika eta mekatronikako departamentuetako ia 500 ikaslek parte hartu dute ordubeteko jarduera honetan.

Eskolan Konposta proiektuan beste lanbide heziketa zentru hauek ere parte hartzen dute:

  • Usurbilgo Lanbide Eskola
  • EAGI Lasarte
  • “Blas de Lezo” Pasaiako Itsas Arrantza

KONPOSTAREN FESTA, AGUSTINETAN ETA FANDERIAN

Iturria: Oarsoaldeako Hitza

Konpostaren festa egingo du udalak laugarrenez larunbatean. Oraingoan, Fanderia eta Agustinetako auzokonposta guneetan, hain zuzen ere, herrian dauden halako sei guneetatik bitan. Agustinetan 10:00etatik 11:30era egingo dute festa, gune horretan kokatutako zenbait ontzitan kalitatezko konpost heldua dagoela baliatuta. Horietako bat hustuko dute auzolanean eta bertaratzen diren bizilagunen artean banatuko dute ateratako konposta hori. Konposta erabiltzeko  gomendioen orria ere banatuko du udalak.

Fanderian berriz, 12:00etatik 13:00etara egingo dute festa, eta bertako familiei konpostajearen prozesuan jarraitu beharreko pausuak gogorarazteko saioa egingo dute, baita familia gehiago animatzeko jarduera ere.

Bi festetan Izadi 21 enpresako teknikariak izango dira, eta auzokonpostan parte hartzen duten bizilagunei begira antolatu badute ere, interesa duen edozein herritarrak har dezake parte. Horren harira, Errenteriako Udalak Agustinetako eta Fanderiako bizilagunak konposta gertutik ezagutzera deitu ditu. Auzokonposta programan parte hartzen duten bizilagunek, beraiek sortutako biohondakinak herrian bertan kudeatu, hondakinen sorrera prebenitu, bilketarako udal gastua murriztu, eta ingurumenari mesede egitea lortzen ari dira. Sei auzokonposta gune daude Erreteria-Oreretan: Fanderia, Agustinak, Gaztañon (2), Alaberga, eta Uztargi Haur Eskolakoa.

Helduta dagoen konposta antzematen denean, konpostaren lagunak homologatutako laborategi batera eramaten dituzte konpostaren kalitatea neurtzeko.

ERRENTERIA: AUZO-KONPOSTAGUNEEN IKUSKARITZA URTARRILAK 31N

Hurrengo asteartean, urtarrilak 31, Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara 10. jarraipen-bisita egingo du Udalak.

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta, aurreko aldietan egindako moduan, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño eta Alaberga. Jarraipen-bisita hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten familia berriek, era berean, goian aipatutako bideak erabil ditzakete harremanetan jartzeko.

Gaiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, Udalak herritarrak Errenteriako ingurumen atarian sartzera gonbidatzen ditu: http://ingurumena.errenteria.eus

Etxeko konpostajean ere laguntza

Izadi 21eko teknikariek etxeko konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez, intzidentzien inguruko informazioa jasoaz, eta parte hartzen duten familien eta udalaren arteko zubi-lana eginez. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, honako posta elektronikora idatz dezakete: etxekonpostae@errenteria.eus.

Iturria: HERRI BIZIA

Saio didaktikoak baratzan

Uda datorrela aprobetxatuz, Eskolan Konposta proiektuko saio didaktiko batzuk kanpoan egin ditugu. Oraingo honetan San José Hijas de la Cruz ikastetxean egon gara eta bertako ikasleek hondakin organikoak bereizten eta konposta nola egiten den ikasi dute. Saio didaktikoa eta gero, konpostagailua gertutik ikusi dute, egituratzailea gehitu dute, bukaeran dena ondo nahastuz.

Zure ikastetxean ere hondakin organikoak birziklatu eta konposta egin nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. Ikastetxeei honako baliabideak eskeiniko dizkiegu:

Hobekuntza plana: gaur egungo diagnostikoa egin eta hondakin organikoak ikastetxean kudeatzeko plana bidali.
Materiala: Behar diren edukiontziak bai pasillo, mintegi, patio edo jangelarako. Konpostagailuak eta konpostatzeko behar den material guztia ere.
Formakuntza saioa: Irakasle, arduradun zein gurasoentzat luzatutako konpostari buruz  formakuntza saio bat.
Saio didaktikoak: Ikasleentzat prestatutako sentsibilizaziorako saioak, hondakinen gaia lantzeko.
Jarraipena: Kurtsoan zehar ikastetxeari laguntza eskeintzeko teknikari bat egongo da.
Euskarria: Ikastetxean hondakin organikoaren zikloa ixten denaren euskarri bat entregatuko da.

Errenteriako Eskolako Agenda 21eko gazteak udaletxean izan dira

Errenteriako Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten gazteak udaletxean izan dira alkatearekin, zinegotzien eserlekutan jarri eta ikasturtean zehar landutako gaia eta beraien proposamenak aurkezten. Udal Foro honetako partaideak, herriko hainbat ikastetxeetatik etorri dira: Bizarain LH eta DBH ikastolak, Cristobal Gamon ikastetxea, Don Bosco Lanbide heziketako ikastetxea, Koldo Mitxelena Institutua, San Jose Gurutzearen alabak ikastetxea eta Telleri-Alde ikastetxea.

Aurtengo gaia, elikadura jasangarria eta hondakinak izan da eta horren baitan, alderdi ugari sakondu dituzte: elikagai osasungarriak, ekologikoak, bertakoak, fruta jatearen garrantzia, elikagaiekin sortzen diren hondakinak, konpostajea, elikagaiekin hondakinak prebenitzeko neurriak, inkestak egin dituzte kalean herritarren ohiturak eta jokabideak ezagutzeko…

Iturria: HERRI BIZIA / Errenteriako Udal Komunikabidea

San Jose Hijas de la cruz Ikastetxean konpostagailua bete dute!

Ikasturtea hasi zenetik, San Jose Hijas de la Cruz ikastetxean Eskolan Konposta proiektuan parte hartzen dute eta bertan sortzen diren hondakin organikoen ia kopuru gehiena konpostatzen dute. Dagoeneko konpostagailua bete dute eta prozesuarekin era onean ari dira, tenperatura altuak lortuz. Konpostagailu berri bat jarri zaie eta orain arte erabili dutena, tapatuta utzi da bertan ematen ari den prozesua amaitu arte. Ikastetxeko arduradunak ekintza berri hau positiboki jaso dute  eta lortutako konposta bertako baratzean erabiliko dute.

Eskolan Konposta Telleri-Alde ikastetxean

Aurtengo kurtsoan Eskolan Konposta proiektuan  ikastetxe berriak sartzen ari dira. Eta horien artean Errenteriako Sagrado Corazon Telleri-Alde ikastetxea dugu. Otsailak 15ean irakasleentzako formakuntza teknikoa jaso zuten eta bertan 14 irakasle egon ziren. Datorren asteetan, ikasleek ere sentsibilizazio saioak egingo dituzte eta ikastetxean bertan hondakin organikoak kudeatzen eta konposta egiten hasiko dira. Horretarako konpostagailu bat jarri da eta laguntza teknikoa jasoko dute.

Errenteriako Hiri-hondakin Solidoen Prebentzio-plana

Errenteriako Udalak udalerriko Hiri-hondakin Solidoen Prebentzio Plana osatu du 2015eko azaroaren 18an. Dokumentuak 50 ekintza jasotzen ditu 7 esparru tematiko zehatzetan banatuta:

Konpostatzearen kultura zabaltzea, hondakinik gabeko erosketa, elikadura solidarioa, sentsibilizazioa, informazioa eta kontzientziazioa, hondakinen berrerabilpena bultzatzea, hondakinik gabeko festa eta ekitaldiak eta sektore ezberdinen artean prebentzioa sustatzea ( hezkuntza-zentroak, udal-eraikinak, industria, … hondakin iturri handiak dira. Hori dela-eta, ahal den neurrian sektore hauengan eragiteak, sortzen den hondakin-ko purua murriztea ahalbidetuko du).

Honekin batera sentsibilizaziorako bideo bat argitaratu dute.

Prebentzio planaren osaketan honako dokumentu hauek sortu dira:

Iturria: Errenteriako Udala – Ingurumena

Gamon Txikikoek baratza jarri dute

Kurtso hasierarekin batera, Errenteriako Cristobal Gamon ikastetxekoek baratza jarri dute. Eskola Agenda 21 proiektuaren gaia “elikadura eta hondakinak” hartuz, alde batetik ikasleekin lantzeko baratza jarri dute eta, bestetik, hamaiketakoan sortzen diren hondakinak kudeatzen hasi dira, Eskolan Konposta proiektuaren bidez, eta sortutako konposta ikastexean bertan erabiliko da. Baratza Gamon Txiki eraikinean dagoen lursailean jarri dute eta martxan jartzeko, besteak beste, azaloreak, letxugak eta tipulak jarri dituzte.

Errenteriako auzo-konpost guneetako lehen konposta iritsi da

Urtebete baino gehiago joan da 2014ko maiatzean auzo-konpostajeko udal-programa abian jarri zenetik. Programa horren bitartez, familia boluntarioak etxean sortutako materia organikoa bereizten eta Udalak auzoetan jarritako konpostaje guneetan konpostatzen hasi ziren.

Horrela, ohituretan aldaketa txiki bat eginez, familia hauek ez dituzte janari-hondarrak bestelako hondakinekin nahasten eta % 40an murrizten dute sortzen duten zakar-poltsa. Ondorioz, zabor-kopuru hori ez dute zabortegira bidaltzen.

Ekimenean parte hartu zuten lehen auzoak Fanderia, Agustinak eta Gaztaño izan ziren. Ondoren, Alabergako familiek bat egin zuten eta, hauekin batera, Uztargi udal-haurtzaindegia eta Sanmarko Gotorlekuko jatetxea. Aurki lehen hiru puntuetako konpost-ontzietako konpost umotua aterako da, lehenengoz. Hala ere, aurrez laginak hartu ditu Udalak konpost umotuaren kalitate fisiko-kimikoa ezagutzeko eta Zizurkilgo Fraisoro laborategi publikoan (Gipuzkoako Foru Aldundia) analisiak egitera bidali ditu.

Gure sukaldean sortutako barazki, haragi edo arrainen hondakin organikoekin, eraldaketako prozesu natural baten ondoren, kalitate handiko ongarria eskuratzen da, lorategi, baratze edo basoetan erabiltzeko modukoa. Gainera, kontutan hartu behar da aipatutako familia horiek %40 gutxiago erabiltzen dutela hondakinak biltzeko udal-zerbitzua, egunero ingurumena eta osasun publikoa zaintzen saiatuz.

Konpostaje-gunea-Fanderian

Iturria: Oarsoaldeko Hitza

Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies. +Info

Cookien erabilpena. eskolankonposta.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko eta azterketa analitikoak egiteko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Uso de cookies. eskolankonposta.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación y realizar analíticas. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

Itxi / Cerrar