Eskolan  Konposta

Tag Archive for donostia

Kalitatezko konposta proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetan

Gaur Donostiako Altza Herri Ikastetxean egon gara eta azkeneko urtean egindako lanaren emaitza ikusteko aukera izan dugu. Ikastetxe honetan konpostagailu bat jarri zutela lau urte pasa dira jada eta baratzaren ezinbesteko elementua bilakatu da. Konpostagailu honen bitartez ikastetxean sortzen diren hondakin organikoen zati handia kudeatzen da. Ikasleek gune ezberdinetan sortutako hondakinak, irakasleen geletan sortzen dena, baita Haur Hezkuntzan ohikoa den “fruta egunean” sortutakoa ere.

Lortu den konposta baratzan erabiltzeko prest utzi dute. Horretarako konpostagailua ireki eta barruko produktu guztia galbahetik pasa dute. Honela, gelditzen ziren egur zatiak kendu dituzte eta konpost fina eta garbia lortu dute.

Dagoeneko 53 ikastetxek parte hartzen dute Eskolan Konposta proiektuan, ikastetxerako baliabideak lortuz eta ikasleekin saio didaktikoen bitartez hondakinen prebentzio kanpainia egitea lortuz.

 

Auzokonposta Donostian: Ate irekien eguna

Urte batzuk pasa dira Donostiako udalerrian auzokonposta egiten hasi zenetik. Hasiera batean Igeldo, Bera Bera eta AñorgaTxikin jarritako auzokonposta guneak inguruko bizilagun eta familiak erabiltzen hasi ziren. Honen arrakasta ikusita, auzokonposta guneak hedatzen joan dira eta gaur egun hamar auzokonposta gune daude udalerrian. Horien artean: Bera Bera, Añorga Txiki, Igeldo, Zubieta, Morlans, Errotaburu, Martutene, Ulia, Bidebieta eta Intxaurrondo.

Lan hori auzokideei erakustearren, datorren larunbatean, azaroaren 19an, Beraberako (Aieten, Kirolaren plazaren ondoan) auzo konpostaguneko ate irekien eguna ospatuko da, goizeko hamaiketatik ordubatera. Auzokideek eta interesa dutenek aukera izango dute konpostaguneko azpiegitura ikusteko, eta bertan sukaldeko hondakin organikoak konpostatzeko jarraitzen den prozedura ezagutzeko. Konpost ondua ikusi, ukitu eta usaindu ahalko da, eta baita poltsatxo bat etxera eraman ere, loreontzietan erabiltzeko. Halaber, auzokonpostan parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du.

dibujo2Eguraldi ona egiten badu, datorren larunbatean, azaroaren 26an, Añorga Txikin ate irekien eguna ospatuko da ere. Bi ekitaldi hauetara gerturatzeko astirik ez baduzu baina auzokonpostan parte hartu nahi baduzu, 943483390 telefonora deitu dezakezu edo ingurumena@donostia.eus helbidera email bat idatzi.

dibujo

AUZOKONPOSTAGUNEEN FUNTZIONAMENDUA
Konpostaguneek modu autonomoan funtzionatzen dute. Udalak azpiegitura muntatu, beharrezkoak diren tresnak jarri, eta materia lehorra (egituratzailea) hornitzen die; gainerako lanak bizilagunek hartzen dituzte bere gain. Bizilagun bat edo biren artean arduradunaren lanak egiten dituzte: astean bitan materiala nahastu eta egituratzailez estali, egituratzailea bukatzen denean udalari jakinarazi, taldea koordinatu, etab. Gainerako partaideek lagundu behar dute konposta ondua ateratzen eta galbahetik pasatzen. Egindako konposta beraiek eramaten dute etxera, loreontzietan edo baratzetan erabiltzeko.

 

birziklapena: Peñaflorida ikastetxeko ikasleen erantzuna

Donostiako Peñaflorida ikastetxeak bere ikasleen artean inkesta bat luzatu du. Ikasle bakoitzak etxean nola birziklatzen duen jakin nahi izan da. Ikastetxea ikasleekin konposta egiten irailean hasiko da eta nahiz eta materia organikoa jasotzen urte batzuk eraman, ikasleekin saio didaktiko batzuk garatu dira.

Inkestaren arabera hamar ikasleetatik zazpik papera eta ontzi arinak birziklatzen dute eta ehuneko hirurogeiak materia organikoa. Ikastetxeko arduradunek datu hauek positiboki jaso dituzte eta birziklapenaren arloan lan egiten jarraituko dute, ahalik eta birziklapen tasa altuenak lortuz. Eskola Agenda21eko ekintzen artean, mugikortasunarekin zerikusia duen inkesta bat ere luzatu da.

Dibujo

Donostiako 2015eko Iraunkortasunaren Txostenaren aurkezpena

Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak Donostiako Iraunkortasunari buruzko Urteko Txostena publikatu du, 2015. urteari dagokiona. 15 ataletan banatuta dauden 47 adierazleren bidez hiriko ingurumen-egoeraren diagnostikoa egiten du txosten honek, denboran zehar izan duten bilakaera aztertuz eta lortutako datuen inguruan hausnartuz. Bestalde, gizonen eta emakumeen presentzia desberdina bereizi ahal izan diren esparruetako genero-ikuspegi zehatzagoa biltzen du txostenak, bai eta aukera parekotasunaren aldeko Erakunde laguntzaileei buruzko adierazle bat ere.

Hondakinen esparruan, aurreko urteetako joerai eutsiz, sorturiko hondakin kopurua murriztu egin da (2014an baino % 1 gutxiago, biztanle bakoitzak eguneko 1,18 kg hondakin sortuz). Gora egin du bereizketa bidez bildutako hondakin kopuruak (2015ean sortutako hondakin kopuru osotik % 38 bereizketa bidez bildu zen, 2014an kopurua % 36 izan zelarik). Bereizketa bidez jasotako hondakin kopurua 0,45 kg pertsonako eta eguneko izan da, eta zabortegira eramandako hondakin kopuruak % 5 egin du behera, 0,73 kg/pertsona/egun izanik, azken 13 urteotako mailarik txikiena. Orotara 21.050 familiak eta gisa ezberdineko 1.559 saltokik hartzen dute parte edukiontzi berezien bidez materia organikoa biltzeko sisteman. Bildutako materia organikoa 4.770.700 kilotara iritsi da, 2014an baino %101 gehiago. Gainera, 625 etxebizitzak dute konpostagailu indibiduala eta 85 familiak hartzen dute parte hiriko 10 auzotan abian jarritako auzo-konposta programan.

Iturria: Crisitian Enea Fundazioa

inf_sost

Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies. +Info

Cookien erabilpena. eskolankonposta.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko eta azterketa analitikoak egiteko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Uso de cookies. eskolankonposta.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación y realizar analíticas. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

Itxi / Cerrar