Eskolan Konposta

albistea

ORGANIKOA EZ DA ERREFUSA

Izen horrekin eslogan berria sortu da, Eskolan Konposta proiektutik Sanmarkos Mankomunitateko udalerrietan materia organikoaren birziklapena bultzatzeko.

Batetik, ez ikastetxeetan bakarrik, bestelako jarduerak eta etxebizitzetan ere hondakin organikoen banantzea handitu nahi da. Atez ateko zerbitzua, bosgarren edukiontzia, etxe konposta edo auzokonposta, hondakina mota hauei irteera emateko aukera zabala dago eta herritar guztion eskura.

Bestetik, gaur egun batzuk oraindik errefusari “Organiko” deitzen diotelako, gogorarazi ORGANIKOA EZ DELA ERREFUSA.

Sanmarkos Mankomunitateko birziklatze tasen datuak aurkezten dira hemen:

BIRZIKLATZE DATUAK 2016

 

HONDAKIN ORGANIKOAK, ZER EGIN?

Bideotutorial honen bitartez, egunerokotasunean hondakinak nola sailkatu behar diren eta hondakin organikoekin zer egin daiteken ikusi ahal da. Zuk ere zure udalerriko atez ateko zerbitzua edo eta bosgarren edukiontiza erabili!

Konpostaren Festa martxoaren 18an Lezon

Datorren larunbatean, martxoak 18an, Konpostaren Festa antolatu du Lezoko Udalak Andreoneko konposta gunean

Jada bi urte bete dira Lezon auzo-konpostaren udal-programa abian jarri zenetik. Une honetan Andreone, Aralar, Arretxene-Txulotxo, San Pedro, Lopene eta Altamiran kokaturiko auzo-konposta guneetan ari dira auzoetako hainbat familia euren biohondakinak konpostatzen. Gaur egun 82 familiak parte hartzen dute eta urtean 20.000 kilo biohondakin udalerrian bertan kudeatzea lortzen ari dira.

Auzokonposta-guneetatik ateratzen den konposta berez konpostatzen duten familientzako bada ere (lorategirako edo baratzerako ongarri gisa erabil dezaten) erabilerarik emateko modurik ez badute, Udalari uzteko aukera dute.

Oraindik ere konpost heldua ateratzear dagoela aitzakia hartuta, Udalak Konpostaren Festa antolatu nahi izan du martxoaren 18an. Hitzordua Andreoneko konpostagunean jarri du, 11:00etan eta interesa duen herritar guztiei zuzendurik dago. Bertan, konposta nola atera ikusi eta nola erabili daitekeen erakusteaz gain, gaiarekin lotuta egon daitezkeen zalantzak argitzeko baliagarri izango da. Horretaz gain, ateratzen dugun konposta erabiltzaileen artean banatuko da.

Auzokonposta-guneetan parte hartzeko aukera irekita dago. Hori dela eta, Udalak Konpostaje Festara etorri eta esperientzia bertatik ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak. Hitzordura gerturatzeko aukerarik ez duenak, baina konpostaje-programan izena eman nahi duenak, udalarekin harremanetan jartzeko aukera du, lezokonposta@gmail.com helbidera idatziz edo 605757687 telefonora zenbakira deituz.

Azken finean, Lezoko biztanleen laguntzarekin ari dira sortutako biohondakinak Lezon bertan kudeatzen, hondakinen sorrera prebenituz, hondakinen bilketarako udal-gastua aurreztuz eta ingurumenari mesede eginez.

Honenbestez, Lezoko Udalak datorren martxoaren 18n, larunbata, Andreoneko gunean ospatuko dugun konpostaren festara hurbiltzeko gonbita luzatzen die herritarrei.
Animatu eta hurbil zaitez!

Iturria: Lezo Ongizate Iraunkorra

Eskolan Konposta: Jarraipen koadernoa

Azkeneko bi ikasturteetan 38 ikastetxeetan garatu den proiektu honekin 16.000 ikasle baino gehiagori hondakin organikoen birziklapena eta konpostaren prozesua ezagutzea gerturatu zaie.

Aurten jarraipen koaderno bat sortu da, konpostaren prozesuan sortzen diren gorabeherak erregistratu daitezen, ikasleekin lantzeko edo eta irakasleen artean betetzeko. Baliagarria izatea espero dugu. Koaderno hau era digitalean helarazten dizuegu ere.

Ikasturtean zehar Cristina Eneako teknikariak dituzue eskura zuen zalantzak argitzeko eta ikastetxera bisita eta bertako jarraipena egiteko.

 

Hernanin Auzokonpostarako bost etxola berri jarri ditu Udalak

Bost etxola berri jarri ditu Hernaniko Udalak, herriko bost toki desberdinetan, auzo­konposta egiteko. Zehazki, to­ki hauetan daude etxola berriak: Txantxillan, Elizatxon, Gartzia Goldara­zen, Bidebieta plazan eta Etxeberri auzoan.
Etxola bakoitzean, 22-23 fa­miliak hartuko dute parte, eta dagoeneko hasi dute for­ma­kuntza, aste honetan bertan.

Guztira, 43 etxola Hernanin
Bost etxola berri horiekin, dagoeneko 43 dira Hernanin, auzokonposta egiteko dauden etxolak, herri osoan zehar. Horietan guztie­tan, 1.635 dira konposta egiten duten fami­li­ak: 945 familiak auzo­kon­pos­ta egiten dute, eta beste 690 familiak, berriz, auto­konposta lantzen dute.

Iturria: Urumeako Kronika

 

ERRENTERIA: AUZO-KONPOSTAGUNEEN IKUSKARITZA URTARRILAK 31N

Hurrengo asteartean, urtarrilak 31, Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara 10. jarraipen-bisita egingo du Udalak.

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta, aurreko aldietan egindako moduan, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño eta Alaberga. Jarraipen-bisita hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten familia berriek, era berean, goian aipatutako bideak erabil ditzakete harremanetan jartzeko.

Gaiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, Udalak herritarrak Errenteriako ingurumen atarian sartzera gonbidatzen ditu: http://ingurumena.errenteria.eus

Etxeko konpostajean ere laguntza

Izadi 21eko teknikariek etxeko konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez, intzidentzien inguruko informazioa jasoaz, eta parte hartzen duten familien eta udalaren arteko zubi-lana eginez. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, honako posta elektronikora idatz dezakete: etxekonpostae@errenteria.eus.

Iturria: HERRI BIZIA

Lasarten, biohondakinak gaika biltzeko zerbitzu berria

Lasarte-Oriako Udalak datorren astelehenetik aurrera jarriko du abian biohondakinak gaika biltzeko zerbitzu berria, edukiontzi marroiaren bitartez. Edukiontzia zabaltzeko beharrezkoa da izena ematea eta txartel elektronikoa jasotzea. Kanpaina urtarrilaren 16an hasiko da eta urtarrilaren 28rarte iraungo du.

Jesus Zaballos alkateak, Ingurumeneko zinegotzi Agustin Valdivia eta Artelatz enpresako arduradun Eduardo Arzak lagun dituela, jakinarazi du aste honetan bertan instalatuta geratuko direla herriko bide publikoetan 57 edukiontzi berri. Pozik agertu da alkatea, azkenean bete baitu konpromisoa, eta herriatarren parte-hartzearekin batera, urrats handia izango baita ingurumena gehiago errespetatuko duen hondakinen kudeaketan. Hori dela eta, animatu egin ditu lasarteoriatarrak gaikako bilketan parte har dezaten.

Edukiontzi marroiak sarraila dauka eta zabaltzeko txartel elektroniko bat behar da, nahitaezkoa baita gaikako bilketa ondo egitea kalitatezko konposta lortzeko.

Ekimenak etxebizitzetan sortutako biohondakinak gaika biltzea lortu nahi du (PDF); hala ere, beste ekoizle berezi batzuk ere parte hartzeko aukera izango dute, hala nola: ostalaritzako establezimenduak, biohondakinak sortzen dituzten komertzioak edo elkarte gastronomikoak.

Helburu nagusia Lasarte-Oriako gaikako bilketa indizeak hobetzea da, eta bidenabar, zabortegira eraman beharreko hondakin kantitatea nabarmenki murriztea. Jasotako biohondakinak konpostaje planta batera eramango dira kalitatezko konposta lortzeko. Konpost hori nekazaritzan edo lorazaintzan erabiliko da. Kontuan izan behar da etxeetan sortzen ditugun hondakinen %43 biohondakinak direla.

IZENA EMAN ETA JASO ZURE TXARTELA

Parte hartzeko izena eman behar da kanpainaren informazio bulegoan edo informazio puntu ibiltarian eta txartel elektronikoa eta behar diren materialak emango dira bertan dohainik:

  • Txartel elektroniko bat edukiontzi marroia zabaltzeko.
  • Biohondakinak etxean jasotzeko ontzia.
  • 75 poltsa konpostagarri.
  • Edukiontzi marroian utzi behar diren hondakinen inguruko informazio-foiletoa.

Ekoizle bereziei 40 litroko ontzia eta poltsa konpostagarri handiagoak emango zaizkie, txartel elektronikoaz eta informazio txartelaz gain.

Izena emateko orduan, etxe-jabearen izen-abizenak eta NAN zenbakia eskatuko dira.
Txartel elektroniko bat emango da etxebizitza bakoitzeko; txartel bakoitza etxebizitza zehatz batera lotua egongo da.

Poltsak biodegradagarriak dira, hau da, deskonposatu egiten dira konpostaje-prozesuan. Iragazgaitzak eta transpiragarriak dira usain txarrak saiheste aldera. Oso garrantzitsua da ez erabiltzea beste ezertarako; ez da erabili behar inoiz plastikozko poltsarik.

INFORMAZIO BULEGOA

Antonio Mercero gunean (Udaletxe berria, behea) Urtarrilaren 16tik 28ra 9:00-13:00 ordutegian

KANPAINAREN INFORMAZIO-TELEFONOA: 900 104342

Kanpainan zehar herritarrei artapena emateko doako telefonoa jarriko da. Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik a 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara egongo da indarrean.

KANPAINAREN BESTE BALIABIDE BATZUK

Aste honetan edukiontziak kalean jartzearekin (zerbitzua hasi baino aste bat lehenago) herritarren atentzioa piztu nahi da; gauza bera lortu nahi da Udaletxeko balkoian zintzilikatutako oihalarekin eta kaleetako faroletan zintzilikatutako kuboekin.

Gaurtik hasita informazio diptiko bat (PDF) banatuko da etxebizitza guztietara. Ekoizle bereziek gutun bat jasoko dute diptikoarekin batera. Kartelak jarriko dira eraikin publikoetan eta komertzioetan.

Antonio Mercero gunean egongo da kanpainako informazio bulegoa eta bi ingurumen-hezitzaile egongo dira bertan.

Puntu ibiltarian 6×3 metroko karpa bat erabiliko da. Bere hiru alde estaliak egongo dira informazio oihalekin. Bi ingurumen-hezitzaile herritarrak artatzen egongo dira ahalik eta bizkortasun eta erosotasun handienaz. Bi mahai eta aulkiak jarriko dira. Lanpara autonomoak erabiliko ditugu karparen barnealdea argiztatzeko beharrezko den ordutegian. Musika ekipo autonomoa ere jarriko da gunea girotzeko eta herritarren arreta gureganatzeko.

Furgoneta errotulatu bat erabiliko da kanpainaren irudiekin, puntu ibiltarian banatuko diren materialen garraiorako eta biltegirako.

Bi asteetan zehar ingurumen-hezitzaile bat ibiliko da triziklo berezi batekin, informazio panel bat eramango du lotua. Herritarrak informatu eta bulegora edo puntu ibiltarira erakartzea izango da helburua. Era berean, ekoizle bereziak diren establezimenduak bisitatuko ditu informazioa emateko eta parte hartzera animatzeko.

Iturria: Lasarteoriasarean.eu

KONPOSTA EGITEN IKASI: BIDEOTUTORIALAK

Eskolan Konposta proiektua hasi zenetik hainbat ekintza egin dira hondakin organikoa birziklapenaren alde, non ikasle zein irakasleekin saio didaktikoak eta formakuntza tenikoa garatu den. Ba oraingo honetan, etxetik konposta nola egiten den ikasteko bideotutorial batzuk egin dira, era errazean bisualki  konposta zikloaren atal ezberdinak ikus dezagun. Formakuntza tekniko oso bat moztu da norberak duen interesaren arabera informazio zehatza ikusi ahal izateko. Konpostaren prozesuan ematen diren urratsak azaltzen dira ondoren agertzen diren bideotutorialetan.

Auzokonposta Donostian: Ate irekien eguna

Urte batzuk pasa dira Donostiako udalerrian auzokonposta egiten hasi zenetik. Hasiera batean Igeldo, Bera Bera eta AñorgaTxikin jarritako auzokonposta guneak inguruko bizilagun eta familiak erabiltzen hasi ziren. Honen arrakasta ikusita, auzokonposta guneak hedatzen joan dira eta gaur egun hamar auzokonposta gune daude udalerrian. Horien artean: Bera Bera, Añorga Txiki, Igeldo, Zubieta, Morlans, Errotaburu, Martutene, Ulia, Bidebieta eta Intxaurrondo.

Lan hori auzokideei erakustearren, datorren larunbatean, azaroaren 19an, Beraberako (Aieten, Kirolaren plazaren ondoan) auzo konpostaguneko ate irekien eguna ospatuko da, goizeko hamaiketatik ordubatera. Auzokideek eta interesa dutenek aukera izango dute konpostaguneko azpiegitura ikusteko, eta bertan sukaldeko hondakin organikoak konpostatzeko jarraitzen den prozedura ezagutzeko. Konpost ondua ikusi, ukitu eta usaindu ahalko da, eta baita poltsatxo bat etxera eraman ere, loreontzietan erabiltzeko. Halaber, auzokonpostan parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du.

dibujo2Eguraldi ona egiten badu, datorren larunbatean, azaroaren 26an, Añorga Txikin ate irekien eguna ospatuko da ere. Bi ekitaldi hauetara gerturatzeko astirik ez baduzu baina auzokonpostan parte hartu nahi baduzu, 943483390 telefonora deitu dezakezu edo ingurumena@donostia.eus helbidera email bat idatzi.

dibujo

AUZOKONPOSTAGUNEEN FUNTZIONAMENDUA
Konpostaguneek modu autonomoan funtzionatzen dute. Udalak azpiegitura muntatu, beharrezkoak diren tresnak jarri, eta materia lehorra (egituratzailea) hornitzen die; gainerako lanak bizilagunek hartzen dituzte bere gain. Bizilagun bat edo biren artean arduradunaren lanak egiten dituzte: astean bitan materiala nahastu eta egituratzailez estali, egituratzailea bukatzen denean udalari jakinarazi, taldea koordinatu, etab. Gainerako partaideek lagundu behar dute konposta ondua ateratzen eta galbahetik pasatzen. Egindako konposta beraiek eramaten dute etxera, loreontzietan edo baratzetan erabiltzeko.

 

Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies. +Info

Cookien erabilpena. eskolankonposta.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko eta azterketa analitikoak egiteko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Uso de cookies. eskolankonposta.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación y realizar analíticas. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

Itxi / Cerrar