Eskolan  Konposta

albistea

2017/2018 ikasturtea abian da!

2017/2018 ikasturtea abian da eta 50 ikastetxe baino gehiagok Eskolan Konposta proiektuan parte hartuko dute. Azken urte honetan San Markos Mankomunitateko udalerrietako 6.000 ikasle gehitu dira hondakin organikoaren bilketara. Guzti hau aurrera eramateko, garrantzizkoa da irakaslegoaren papera eta horretarako hondakinen sailkapenean eta konposta nola egiten den erakutsiz.formakuntza teknikoa zabaltzen zaie.

Aurreko ikasturteetan proiektuan hasitako ikastetxeak konposta ateratzen hasi dira ere ikasleekin gaia landuz. Honela, urte osoan bota dituzten hondakin organikoak zertan bilakatu diren ikusten dute.

Zuen ikastetxean konpostagailuko edukia ateratzeko moduan dagoela ikusten baduzu, gure teknikariaren laguntza eskura dagoela gogoratu.

 

ORERETA IKASTOLAN KONPOSTA ATERA DUTE

Eskolan Konpostako hirugarren ikasturte hau amaitzear dago eta dagoeneko ikasturte hasieran hasi ziren ikastetxeetan konposta biltzen hasi dira. Oraingo honetan Orereta Ikastolako ikasleek egindako lana ikus dezakegu. Beraien hitzetan:

Urrian hasi ginen Lehen Hezkuntzako etxean, hondakin organikoa jasotzen. Astero, talde bat arduratu da eraikinean zehar jarrita ditugun edukiontziak hustu eta konpostagailura eramateaz. Konpostagailua bete zaigu, eta gaur, ireki egin dugu, nola zegoen ikusteko.

Lehenik eta behin konpostagailura joan gara. 8 hilabete pasa dira konposta egiten hasi ginenetik, eta jendeak botatako hondakinak, konpost bihurtu dira. Behean zegoen zatia, pala batekin atera dugu, eta galbahetik pasa dugu, eta egokiak ez ziren hondakinak, beste edukiontzietara bota ditugu. Jasotako lurra (ongarria) poltsa batean sartu dugu. Trabak izan ditugu, batzuk, zilar papera, plastikoa…bota dutelako aurretik. Termometroa sartu dugu konpostagailuan, eta 45ºetara zegoela ikusi dugu. Zein ondo!

Ate irekien eguna Bidebietako auzo konpostagunean

Ekainaren 3an, larunbatean, 11etatik 13etara

Orain dela lau urte ireki ziren Donostian lehenengo auzo konpostaguneak Añorga Txikin, Aieten eta Igeldon, eta geroztik gogoz aritu dira lanean bertako hainbat bizilagun beraien hondakin organikoak konpost bihurtzen.

Lan hori auzokideei erakustearren, larunbat honetan, ekainaren 3an, Bidebietako auzo konpostaguneko txanda izango da (Serapio Mujika 19). Goizeko hamaiketatik ordubatera, auzokideek eta interesa dutenek aukera izango dute konpostaguneko azpiegitura ikusteko, eta bertan sukaldeko hondakin organikoak konpostatzeko jarraitzen den prozedura ezagutzeko. Konpost ondua ikusi, ukitu eta usaindu ahalko da, eta baita poltsatxo bat etxera eraman ere, loreontzietan erabiltzeko. Halaber, auzokonpostan parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du.

Konpostatzea: zaborra murrizteko tresna bat

Donostian sortutako hondakinak murriztea da lehentasunetako bat nahiz 2015ean onarturiko Tokiko Agenda 21eko III. Ekintza Planean nahiz urte berean udalak onartutako 2030 Ingurumen Estrategian ere. 2030 Ingurumen Estrategiak xedatzen du 2030ean hondakinak % 15 murriztuko direla 2010ean sortutakoen aldean, hau da, biztanleko eta eguneko 1,30 kg-tik igarotzea biztanleko eta eguneko 1,20 kg-ra.

Hondakin gutxiago sortzeko estrategia batzuk lantzen ditu udalak, besteak beste, hondakin organikoak prebenitzea. 2016an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko azken karakterizazioko datuen arabera, Donostiako kaleetako errefusa edukiontzietara doan zaborraren % 51 dira hondakin organikoak. Hortaz, oso handia da hobetzeko ahala.

Etxe eta auzo konposta da hondakin organikoak murrizteko aukeretako bat,. Hainbat abantaila ditu hirian konpostatzeak: % 50 ura den hondakin bat garraiatu behar ez izatea, ingurumen aldetik hobeto kudeatzea eta hiriko lurzoru bizirako (ortuak, lorategiak) baliabide bat sortzea. Gainera, auzokoen arteko lan eta harremanak sustatzen ditu auzo konpostak.

Auzolanean

Konpostaguneek modu autonomoan funtzionatzen dute. Udalak azpiegitura muntatu, beharrezkoak diren tresnak jarri, eta materia lehorra (egituratzailea) hornitzen die; gainerako lanak bizilagunek hartzen dituzte bere gain. Bizilagun bat edo biren artean arduradunaren lanak egiten dituzte: astean bitan materiala nahastu eta egituratzailez estali, egituratzailea bukatzen denean udalari jakinarazi, taldea koordinatu, etab. Gainerako partaideek lagundu behar dute konposta ondua ateratzen eta galbahetik pasatzen. Egindako konposta beraiek eramaten dute etxera, loreontzietan edo baratzetan erabiltzeko.

Konpostaguneak ikusgai

Konpost guneek, hondakin biologiko batzuk udal bilketa zerbitzutik desbideratzeaz gain, heziketa eta sentsibilizazio eginkizuna ere bete nahi dute, herritarrak hondakinen eta izan litezkeen konponbideen jakinaren gainean jartzeko.

Hortaz, interesa duten guztiei erakutsi nahi die udalak horrelako instalazioetan egiten den lana. Dagoeneko, Martuteneko eta Bidebietako konpost guneak bisitatu dituzte hainbat ikastetxetako ikasleek. Udazkenean denei sartzen uzteko jardunaldi batzuk antolatu zituzten Beraberako eta Añorga Txikiko konpost guneetan, eta, larunbat honetan, aterak denontzat zabalik egongo dira Bidebietako konpost gunean.

Gunea, 2016an inauguratua, partaide gutxi ditu oraindik, hortaz, udalak inguruetako herritarrei ikustera hurbiltzeko gonbita luzatu nahi die, bai eta erabiltzera adoretu ere. 11:00etatik 13:00ak arte egongo da zabalik gunea, oparitxo bana jasoko dute bertaratzen diren guztiek.

Iturria: donostia.eus

ORGANIKOA EZ DA ERREFUSA

Izen horrekin eslogan berria sortu da, Eskolan Konposta proiektutik Sanmarkos Mankomunitateko udalerrietan materia organikoaren birziklapena bultzatzeko.

Batetik, ez ikastetxeetan bakarrik, bestelako jarduerak eta etxebizitzetan ere hondakin organikoen banantzea handitu nahi da. Atez ateko zerbitzua, bosgarren edukiontzia, etxe konposta edo auzokonposta, hondakina mota hauei irteera emateko aukera zabala dago eta herritar guztion eskura.

Bestetik, gaur egun batzuk oraindik errefusari “Organiko” deitzen diotelako, gogorarazi ORGANIKOA EZ DELA ERREFUSA.

Sanmarkos Mankomunitateko birziklatze tasen datuak aurkezten dira hemen:

BIRZIKLATZE DATUAK 2016

 

HONDAKIN ORGANIKOAK, ZER EGIN?

Bideotutorial honen bitartez, egunerokotasunean hondakinak nola sailkatu behar diren eta hondakin organikoekin zer egin daiteken ikusi ahal da. Zuk ere zure udalerriko atez ateko zerbitzua edo eta bosgarren edukiontiza erabili!

Konpostaren Festa martxoaren 18an Lezon

Datorren larunbatean, martxoak 18an, Konpostaren Festa antolatu du Lezoko Udalak Andreoneko konposta gunean

Jada bi urte bete dira Lezon auzo-konpostaren udal-programa abian jarri zenetik. Une honetan Andreone, Aralar, Arretxene-Txulotxo, San Pedro, Lopene eta Altamiran kokaturiko auzo-konposta guneetan ari dira auzoetako hainbat familia euren biohondakinak konpostatzen. Gaur egun 82 familiak parte hartzen dute eta urtean 20.000 kilo biohondakin udalerrian bertan kudeatzea lortzen ari dira.

Auzokonposta-guneetatik ateratzen den konposta berez konpostatzen duten familientzako bada ere (lorategirako edo baratzerako ongarri gisa erabil dezaten) erabilerarik emateko modurik ez badute, Udalari uzteko aukera dute.

Oraindik ere konpost heldua ateratzear dagoela aitzakia hartuta, Udalak Konpostaren Festa antolatu nahi izan du martxoaren 18an. Hitzordua Andreoneko konpostagunean jarri du, 11:00etan eta interesa duen herritar guztiei zuzendurik dago. Bertan, konposta nola atera ikusi eta nola erabili daitekeen erakusteaz gain, gaiarekin lotuta egon daitezkeen zalantzak argitzeko baliagarri izango da. Horretaz gain, ateratzen dugun konposta erabiltzaileen artean banatuko da.

Auzokonposta-guneetan parte hartzeko aukera irekita dago. Hori dela eta, Udalak Konpostaje Festara etorri eta esperientzia bertatik ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak. Hitzordura gerturatzeko aukerarik ez duenak, baina konpostaje-programan izena eman nahi duenak, udalarekin harremanetan jartzeko aukera du, lezokonposta@gmail.com helbidera idatziz edo 605757687 telefonora zenbakira deituz.

Azken finean, Lezoko biztanleen laguntzarekin ari dira sortutako biohondakinak Lezon bertan kudeatzen, hondakinen sorrera prebenituz, hondakinen bilketarako udal-gastua aurreztuz eta ingurumenari mesede eginez.

Honenbestez, Lezoko Udalak datorren martxoaren 18n, larunbata, Andreoneko gunean ospatuko dugun konpostaren festara hurbiltzeko gonbita luzatzen die herritarrei.
Animatu eta hurbil zaitez!

Iturria: Lezo Ongizate Iraunkorra

Eskolan Konposta: Jarraipen koadernoa

Azkeneko bi ikasturteetan 38 ikastetxeetan garatu den proiektu honekin 16.000 ikasle baino gehiagori hondakin organikoen birziklapena eta konpostaren prozesua ezagutzea gerturatu zaie.

Aurten jarraipen koaderno bat sortu da, konpostaren prozesuan sortzen diren gorabeherak erregistratu daitezen, ikasleekin lantzeko edo eta irakasleen artean betetzeko. Baliagarria izatea espero dugu. Koaderno hau era digitalean helarazten dizuegu ere.

Ikasturtean zehar Cristina Eneako teknikariak dituzue eskura zuen zalantzak argitzeko eta ikastetxera bisita eta bertako jarraipena egiteko.

 

Hernanin Auzokonpostarako bost etxola berri jarri ditu Udalak

Bost etxola berri jarri ditu Hernaniko Udalak, herriko bost toki desberdinetan, auzo­konposta egiteko. Zehazki, to­ki hauetan daude etxola berriak: Txantxillan, Elizatxon, Gartzia Goldara­zen, Bidebieta plazan eta Etxeberri auzoan.
Etxola bakoitzean, 22-23 fa­miliak hartuko dute parte, eta dagoeneko hasi dute for­ma­kuntza, aste honetan bertan.

Guztira, 43 etxola Hernanin
Bost etxola berri horiekin, dagoeneko 43 dira Hernanin, auzokonposta egiteko dauden etxolak, herri osoan zehar. Horietan guztie­tan, 1.635 dira konposta egiten duten fami­li­ak: 945 familiak auzo­kon­pos­ta egiten dute, eta beste 690 familiak, berriz, auto­konposta lantzen dute.

Iturria: Urumeako Kronika

 

ERRENTERIA: AUZO-KONPOSTAGUNEEN IKUSKARITZA URTARRILAK 31N

Hurrengo asteartean, urtarrilak 31, Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara 10. jarraipen-bisita egingo du Udalak.

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta, aurreko aldietan egindako moduan, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño eta Alaberga. Jarraipen-bisita hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten familia berriek, era berean, goian aipatutako bideak erabil ditzakete harremanetan jartzeko.

Gaiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, Udalak herritarrak Errenteriako ingurumen atarian sartzera gonbidatzen ditu: http://ingurumena.errenteria.eus

Etxeko konpostajean ere laguntza

Izadi 21eko teknikariek etxeko konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez, intzidentzien inguruko informazioa jasoaz, eta parte hartzen duten familien eta udalaren arteko zubi-lana eginez. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, honako posta elektronikora idatz dezakete: etxekonpostae@errenteria.eus.

Iturria: HERRI BIZIA

Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies. +Info

Cookien erabilpena. eskolankonposta.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko eta azterketa analitikoak egiteko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Uso de cookies. eskolankonposta.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación y realizar analíticas. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

Itxi / Cerrar