Eskolan  Konposta

albistea

Elikadura eta hondakinak : ikasleentzako fitxa berriak

Hiruhilabete honetarako Eskolan Konposta proiektuan fitxa berri batzuk sortu dira. Ikasleekin elikadura eta hondakinen gaia lantzeko aukera ahal izateko. Alde batetik ikasleek zer jaten duten lantzeko fitxa bat, non egunero jaten duten elikagaiak isladatzen dituzten. Bestetik, eguneroko otorduak egin eta gero sortzen dituzten hondakinak isladatzeko fitxa batzuk ere. Unitate hauek LHko irakasleekin lantzeko egin dira.

ONGARRIA PLATERETIK ETA PLATEREAN

Ekaia Eko Gestion Mertxe Miguelek 2013an abiarazitako egitasmoa da. Ekonomia zirkularraren eremuan kokatzen da Narbaxako (Araba) enpresa txiki hau. Izan ere, bere jarduera nagusia hondakin organikoen konpostatzea baita. Prozesua eurek gauzatzen dute edota bezeroei irakasten diete nola egin.

Kimika ikasketak amaitzean, etxean egiten zutena besteentzat ere egitea pentsatu zuen Miguelek. «Narbaxan bizi nintzen eta han mota guztietako etxe-abereak ditugunez, gorotz piloa sortzen dute. Horren konpostaren inguruan zerbait egitea bururatu zitzaidan», gogoratu du. Edonola ere, ideia bere horretan utzi zuen, lana aurkitu baitzuen obrako materialen kalitate kontrolean ziharduen laborategi batean. Hamabost urtez bertan jardun zuen, krisiak eraikuntza sektorea erabat gelditu eta itxi zuten arte. Orduan, asmoa berreskuratu zuen, ikuspuntu berri batetik helduta. «Ez dugu animalien gorotza konpostatzen, janari hondarrak, material organikoa, baizik. Hau da, gizakiok gehien sortzen dugun hondakina eta gutxien birziklatzen duguna», azaldu du.

Ekiterakoan bera bakarrik zegoen; egun, bi langile dira, eta taldean hainbat lankide izan ohi ditu. Denetarik egin behar izaten duela dio Miguelek: bezeroak bilatu, konposta egin, kontuak eraman, erosketak… Pixkanaka eta beldurrez hasi zirela onartu arren, aukera probatzen joan dira eta orain ilusioz ikusten dute etorkizuna. «Gogorra bada ere, alde onak ere baditu, eta aurrera egiten duzula ikustea poz handia da».

Hasieran nahiko galduta zegoenez, Hazi Fundaziora jo zuen eta landa eremuko ekintzailetzari lotutako ikastaroetan parte hartu zuen. «Oso baliagarri izan zaizkit. Alor asko ukitzen dituzte, zertzeladak diren arren: marketina, produktua nola saldu, kontuak eraman… Zentratzeko, ikasteko, eta batez ere, kokatzeko balio izan didate». Erakunde honen bidez ere makineria erosteko diru laguntza bat eskuratu zuten, gainera. Probetxugarri izatearen proba, hala ere, 2015ean izan zuen. Araba Ekinean-ek antolatutako “Zure ideiak balio du” lehiaketan parte hartu zuen eta, aitortu duenez, praktikara eraman zituen landutako gauzak. «Epaimahaiaren aurrean 5 minutuan proiektua azaldu behar genuen. Horrelakoak egiten genituen Hazi-ko ikastaroetan eta baliagarria izan zitzaidan». Jasangarritasun saria jaso zuen Ekaia Eko Gestionek eta bultzada handia izan zen. «Pentsatu genuen zerbait behintzat ondo egiten ari ginela».

Baten hondarra, bestearen elikagai

Konpostaren inguruan egituratu dute euren jarduera. Bezeroei konposta egiten irakasten diete edo beraientzat egiten dute. Baztertutako hondar organikoak hartu eta konpostatu egiten dituzte. «Hau da, gure janari hondarrak landareentzako elikagai bilakatzen ditugu», laburbildu du arduradunak. Konpostatutakoan lortutako ongarria itzuli egiten diete, eta nahi ez dutena, saldu. Erosleak, hortaz, hondakinen eragileak eta horien ingurukoak izan ohi dira; batik bat, arabarrak.

Jantokiak, jatetxeak, udalak… janari hondar askoren sortzaileak dituzte bezero, nahiz eta batetik bestera aldea egon. Udalek auzo konposta antolatu, formakuntza eman edo prozesua kontrolatzeko eskatzen diete. Ikastoletan, berriz, partekatu egiten dute ardura. Ikasleei prozesua nola gauzatu irakasten diete parte batean kudea dezaten; eta gainerakoa, enpresak landu eta itzuli egiten die.

Horrez gain, bestelako materialak ere baliatzen dituzte, berrerabili edo «konpost antzekoak» egiteko. Hala, adibidez, zura berrerabiliz konpost ontziak egiten dituzte eta ontziekin loreontziak. Miguelek gogoratu duenez, Lautadako Kuadrillako merkataritza elkarteak antolatutako ekimenetan ere parte hartzen dute hainbat modutan. Esaterako, pintxo lehiaketako soberakinekin konposta egiten dute, eta hura ongarri duten landareekin moda pasarela apaindu. «Materia organikoen zirkulua ixten dugu, nolabait». Horretan ere bai baitatza ekonomia zirkularra: ekoizpenaren hondakinak ekoizpenerako ongarri bilakatzean.

Araban jendeak konposta egiteko ohiturarik ez duenez, poliki doazela dio Miguelek. Dituzten bezeroei esker mantentzea lortzen dute, eta gainera, urtetik urtera, jarduera pixka bat hazten doa eta lanak ere handitzen. «Oraindik ez gara aberatsak, baina, bidean gaude», dio umoretsu. Epe laburrean, jatetxeekin lanean hasi nahi dute, nahiz eta bezeroak lortzea zaila izango zaiela jakin. Arduradunaren hitzetan, «inbertsio moduan ikusi beharrean, gastu bezala ikusten dute. Konpostatu eta terrazan edo sarreran lorategi bertikal bat jar dezakete edo baratzea horrekin elikatu. Bezeroei esan behar diete jaten ari direna beraiek hazitakoa dela, pestizidarik edo bestelakorik gabe. Ekologikoa eta naturalagoa izateaz gain, gainetik kentzen ditugu hondakinak».

 

Iturria: Gara

A klaseko konposta Udarregi Ikastolan

Eskolan Konposta proiektuan dauden ikastetxeetan konposta ateratzen hasi dira. 2016/2017 ikasturtearen amaieran, udako oporrak hartu baino lehen, ikastetxe batzuk konposta ateratzen hasi ziren. Cristina Enea Fundazioako teknikari baten laguntzaz baliatuta, ikastetxe batzuk konpostagailuko materia jaso, bahetu eta baratzan erabiltzeko jaso dute. Bahetu eta gero gelditu diren egur zatiak, hezurrak eta fruitu lehorren azalak, konpostaren zikloan berrerabiltzeko gorde dira.

Kasu honetan, Usurbilgo Udarregi Ikastolan lortutako konpostaren ezaugarriak ezagutzeko,  lagin bat jaso da eta Fraisoroko laborategira eraman da. Udarregi ikastolan hondakin organiko guztiak bertan kudeatzen dituzte (gela, patio, jangela, sukaldea) eta mota gustietako hondakin organikoak (barazki gordin eta sukaldatuak, haragia eta arraina, arroza eta pasta…). Era berean Arazuriko laborategietan ere analisi mikrobiologikoak lortu dira, Escherichia Coli eta Salmonella ez dagoen konposta lortuz. Bertan sortutako konposta A klasekoa da. Ikastetxeak analisi hauen emaitzak ikusita,  hasi berria den kurtso honetan, lortu den konposta erabili ahal izango du, ikasleekin lantzen duen baratzan zabaltzeko.

Analisi oso baten ezaugarriak ezagutu nahi badituzu, hona hemen eredu bat.

Proiektuan dauden beste ikastetxeak animatu nahi ditugu, elkar lan bat osatuz, kalitatezko konposta lortuko dugulakoan.

Kafea ongarri gisa

 

Jakoba Errekondori irakurri diogu Argia astekarian kafea oso ongarri ederra dela lurrarentzat eta etxean hartutako kafearen hondarrak baratzean erabili ohi dituela, simaur pilara gehituz, besteak beste zizareen lana azkartzen duelako.

Errekondok dio kafea “pittin bat azidoa dela, simaur gehienak bezala, eta gustura hartuko dute inguruan azidozaleak diren txilarrak (Erica spp), errododendroak (Rododendron spp), hortentsiak (Hydrangea macrophylla)”. Hortentsien loreen koloreak bizitzeko pizgarria ere omen dira gainera kafe hondarrak. Luar pilan beste hondakin organikoekin nahasita irakinaldia sustatzen du. Zizareen lana azkartzen du, digestioan laguntzen die eta kafeinarekin bizkortu egiten dira.

Luarra egiteko hondakin orekatua da kafea, karbono/nitrogeno erlazioa 20 ingurukoa du (material onenek 25-30 izan ohi dute). “Zuzenean lurreko ongarri gisa ere erabiltzen da. Hazitegietan, landare ttikiak landatzeko, lorontzietan edo baratzean lurrarekin nahasi eta askatzen dituen jakiak landareek erraz bereganatuko dituzte” azaldu du adituak. Lurra harrotu egiten duenez “hezetasun arazoak dituztenak edo motelegiak diren lurrak oneratzen ditu”, landareen sustraiei alde ederreko erraztasunak emanez, bai hazteko bai elikatzeko. “Adibidez, errefauen (Raphanus spp) edo azenarioaren (Daucus carota) tokian jartzen bagara, eskuzabal hartuko dute kafe hondarrez ongarritutako saila”.

Hondar horiek baratzearentzako ongarri gisa erabili ordez landareen aldamenean jartzen dituenik ere ezagutzen duela adierazi du Errekondok. “Itxuraz kafeina ez da bare eta barraskiloen gustuko eta atzeratu egiten omen ditu. Ez omen ditu hiltzen, baina bai atzeratu. Agian kafeinagatik baino, bere hauts egituragatik izan daiteke, haren gainean herrestan eroso ezin ibili direlako. Bateren batek katuak uxatzen dituela ere aipatu izan dit”.

“Etxean sortutako hondakin organikoen berrerabilera ekologikoa, ekonomikoa eta praktikoa behar-beharrezkoa” dela dio baratzeetan aditu den Jakoba Errekondok, eta horrexegatik zakarrontzira bota ordez, hondakinak errekurtso bilakatu behar direla.

Jatorrizko albistea eta argazkia Argia-ren webgunetik hartua.

Garberan Konposta

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen egitarauaren baitan, Cristina Enea Fundazioak eta Garbera Merkatalguneak jarduera sorta bat antolatuko dute ikastetxeetako ikasleei zuzenduta. Bertan, tailer didaktikoen bidez, sortzen den hondakin organiko kopurua murriztearen beharraz eta garrantziaz kontzientziatuko dira txiki eta gazteenak.

Parte hartuko duen ikaslegoa 8 eta 10 urte artekoa izango da, alegia Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak. Beren hautaketa egin da gertutasun irizpideak jarraituz (Garberatik gertuen dauden ikastexeetako ikasleak), baina Eskolan Konpostaekimenean parte hartzen ez duten ikastexeei ere helarazi zaie gonbidapena, egitasmo horren baitan dauden eskolek dagoeneko landu baitute ikastetxeetan bertan sortzen diren hondakin organikoekin zer egin behar den.

Horrela, azaroaren 21etik 23ra, egunero 50 ikaslek (bi gela) egingo dituzte jarraian zehazten diren jarduerak:

  • Garberako saltoki batean sortzen den materia organikoaren ziklora bisita, hondakin organikoak sortzen direnetik, merkatalgunean bertan kokatutako konpostagailura eramaten diren arte, konposta nola egiten den ulertuz.
  • Konpostagailuan eginiko konpostarekin, tailer bat egingo dute non ikasle bakoitzak letxuga bat erein eta etxera eraman ahal izango duen.
  • Antzararen Jokoan parte hartuko dute.

Jarduerak goizeko 10:00etan hasiko dira, azaroaren 21, 22 eta 23an, Garbera Merkatalgunean.

“Videocomposta” lehiaketan parte hartu dugu

Compostaenred elkarteak bere 7. etxe eta auzokonpostari buruzko mintegia ospatu du. Aurtengo mintegia Hernaniko Orona Fundazioako eraikinean izan da.

Composta en red Estatuko tokiko erakundeen koordinatzailea da, etxe eta auzokonpostajeko esperientziak garatzen dituena. Sarea 2008an sortu zen, etxe eta auzokonpostari lotutako politika publikoak bultzatu eta sustatzeko, hondakin organikoen sortzea murriztu nahian.

Aurten, “Videocomposta” lehiaketa sortu dute, hondakin organikoen kudeaketari buruzko laburmetraiak bilduz. Eskolan Konposta proiektua bertan izan da gure proiektua aurkezten. parte hartu duten laburmetrai guztian HEMEN aurkitu ditzakezu.

Dagoeneko 52 ikastetxetan ekimen hau garatzen ari zarete eta geroz eta hondakin organiko gehiago kudeatzen da ikastetxean bertan.

 

birziklik iritsi da

Sanmarkos Mankomunitateak, Ecoembes eta Ecovidriorekin batera, hondakinak bananketa eta birziklapena sustatzeko kanpainia berri bat aurkeztu du, “Birziklik” izendapenean, mankomunitatean gaikako bilketaren kopuruak igo nahian (orain arte %46,32koa da hamar udalerrietan).

Sanmarkoseko lehendakariak, Jaime Dominguez-Macaya, eta Espainian hondakinak jaso eta kudeatzen duten bi enpresen arduradunek, sentsibilizazio egitarau hau aurkeztu dute, Donostian hasi eta Pasaia eta Errenteriatik pasako dena, urriak 15era arte.

Dominguez-Macayak komentatu duenez, Mankomunitateko 311.000 biztanleek  pertsona bakoitzeko 428 kilo zabor sortu zuten iaz, eta horren %46,32 birziklatu zen.

 

GEHIEN BIRZIKLATZEN DUEN ESKUALDEA

Ecovidrio eta Ecoembesen datuekin, Sanmarkos Mankomunitateko udalerriak gehien birziklatzen dutenak dira, 24,4 kilo ontzi arin pertsona eta urte bakoitzeko (18,2 kilo Euskadin, 13,2 Espainian), 39 kilo paper eta kartoi (31,6 kilo Euskadin, 15,5 kilo Espainian) eta 35,3 kilo beira, estatu mailan 16,2 izanik.

Nahiz eta tasa hauek izan, ezin dugu “autokonplazentzia”rekin konformatu, Sanmarkoseko lehendakariaren esanetan, eta “birziklapenaren kultura sustatzen” jarraitu behar dela eta jasotakoaren “kantitatea eta kalitatea” handitu behar da.

Helburu horrekin, Kanpainia “ludiko eta partizipatiboa” diseinatu dute “kuriositatea berpiztu” eta “hiritarren zalantzak argitu” nahi duen kanpaina, beraien etxe hondakinak bereizten duten unerako.

ETXOLA INFORMATIBOA ETA ETXEZ ETXEKO GUTUNAK

Kanpainaren elementu nagusia Donostian, Pasaian edo Errenterian jarriko den instalazio bat da, oinezkoei bideratuta.

Etxola honetan hondakin ezberdinak nola sailkatu behar diren informazioa aurkitu daiteke eta jolasteko erruleta erraldoi bat ere. Hondakinak behin edukiontzietara botata hauekin zer egiten den ikusteko lau Tablet jarri dira.

Kanpaina amaitzeko, 135.000 triptiko banatuko dira mankomunitateko etxebizitzetan eta Bera bera klubeko eskubaloi taldeko neskek beriaen partiduetarako sarrerak zozketatuko dituzte. Partiduen hainbat atsedenetan sentsibilizazio jokoak egingo dira ere.

  • DONOSTIA: Irailak 29 – urriak 5 (Urdaneta kalea, Koldo Mitxelena liburutegiaren ondoan)
  • PASAIA-TRINTXERPE: Urriak 7-9 (Euskadi Etorbidea, Euskaltegiaren ondoan)
  • ERRENTERIA: Urriak 11-15 (Pelotari kalea, Niessen ondoan)

 

2017/2018 ikasturtea abian da!

2017/2018 ikasturtea abian da eta 50 ikastetxe baino gehiagok Eskolan Konposta proiektuan parte hartuko dute. Azken urte honetan San Markos Mankomunitateko udalerrietako 6.000 ikasle gehitu dira hondakin organikoaren bilketara. Guzti hau aurrera eramateko, garrantzizkoa da irakaslegoaren papera eta horretarako hondakinen sailkapenean eta konposta nola egiten den erakutsiz.formakuntza teknikoa zabaltzen zaie.

Aurreko ikasturteetan proiektuan hasitako ikastetxeak konposta ateratzen hasi dira ere ikasleekin gaia landuz. Honela, urte osoan bota dituzten hondakin organikoak zertan bilakatu diren ikusten dute.

Zuen ikastetxean konpostagailuko edukia ateratzeko moduan dagoela ikusten baduzu, gure teknikariaren laguntza eskura dagoela gogoratu.

 

ORERETA IKASTOLAN KONPOSTA ATERA DUTE

Eskolan Konpostako hirugarren ikasturte hau amaitzear dago eta dagoeneko ikasturte hasieran hasi ziren ikastetxeetan konposta biltzen hasi dira. Oraingo honetan Orereta Ikastolako ikasleek egindako lana ikus dezakegu. Beraien hitzetan:

Urrian hasi ginen Lehen Hezkuntzako etxean, hondakin organikoa jasotzen. Astero, talde bat arduratu da eraikinean zehar jarrita ditugun edukiontziak hustu eta konpostagailura eramateaz. Konpostagailua bete zaigu, eta gaur, ireki egin dugu, nola zegoen ikusteko.

Lehenik eta behin konpostagailura joan gara. 8 hilabete pasa dira konposta egiten hasi ginenetik, eta jendeak botatako hondakinak, konpost bihurtu dira. Behean zegoen zatia, pala batekin atera dugu, eta galbahetik pasa dugu, eta egokiak ez ziren hondakinak, beste edukiontzietara bota ditugu. Jasotako lurra (ongarria) poltsa batean sartu dugu. Trabak izan ditugu, batzuk, zilar papera, plastikoa…bota dutelako aurretik. Termometroa sartu dugu konpostagailuan, eta 45ºetara zegoela ikusi dugu. Zein ondo!

Ate irekien eguna Bidebietako auzo konpostagunean

Ekainaren 3an, larunbatean, 11etatik 13etara

Orain dela lau urte ireki ziren Donostian lehenengo auzo konpostaguneak Añorga Txikin, Aieten eta Igeldon, eta geroztik gogoz aritu dira lanean bertako hainbat bizilagun beraien hondakin organikoak konpost bihurtzen.

Lan hori auzokideei erakustearren, larunbat honetan, ekainaren 3an, Bidebietako auzo konpostaguneko txanda izango da (Serapio Mujika 19). Goizeko hamaiketatik ordubatera, auzokideek eta interesa dutenek aukera izango dute konpostaguneko azpiegitura ikusteko, eta bertan sukaldeko hondakin organikoak konpostatzeko jarraitzen den prozedura ezagutzeko. Konpost ondua ikusi, ukitu eta usaindu ahalko da, eta baita poltsatxo bat etxera eraman ere, loreontzietan erabiltzeko. Halaber, auzokonpostan parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du.

Konpostatzea: zaborra murrizteko tresna bat

Donostian sortutako hondakinak murriztea da lehentasunetako bat nahiz 2015ean onarturiko Tokiko Agenda 21eko III. Ekintza Planean nahiz urte berean udalak onartutako 2030 Ingurumen Estrategian ere. 2030 Ingurumen Estrategiak xedatzen du 2030ean hondakinak % 15 murriztuko direla 2010ean sortutakoen aldean, hau da, biztanleko eta eguneko 1,30 kg-tik igarotzea biztanleko eta eguneko 1,20 kg-ra.

Hondakin gutxiago sortzeko estrategia batzuk lantzen ditu udalak, besteak beste, hondakin organikoak prebenitzea. 2016an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko azken karakterizazioko datuen arabera, Donostiako kaleetako errefusa edukiontzietara doan zaborraren % 51 dira hondakin organikoak. Hortaz, oso handia da hobetzeko ahala.

Etxe eta auzo konposta da hondakin organikoak murrizteko aukeretako bat,. Hainbat abantaila ditu hirian konpostatzeak: % 50 ura den hondakin bat garraiatu behar ez izatea, ingurumen aldetik hobeto kudeatzea eta hiriko lurzoru bizirako (ortuak, lorategiak) baliabide bat sortzea. Gainera, auzokoen arteko lan eta harremanak sustatzen ditu auzo konpostak.

Auzolanean

Konpostaguneek modu autonomoan funtzionatzen dute. Udalak azpiegitura muntatu, beharrezkoak diren tresnak jarri, eta materia lehorra (egituratzailea) hornitzen die; gainerako lanak bizilagunek hartzen dituzte bere gain. Bizilagun bat edo biren artean arduradunaren lanak egiten dituzte: astean bitan materiala nahastu eta egituratzailez estali, egituratzailea bukatzen denean udalari jakinarazi, taldea koordinatu, etab. Gainerako partaideek lagundu behar dute konposta ondua ateratzen eta galbahetik pasatzen. Egindako konposta beraiek eramaten dute etxera, loreontzietan edo baratzetan erabiltzeko.

Konpostaguneak ikusgai

Konpost guneek, hondakin biologiko batzuk udal bilketa zerbitzutik desbideratzeaz gain, heziketa eta sentsibilizazio eginkizuna ere bete nahi dute, herritarrak hondakinen eta izan litezkeen konponbideen jakinaren gainean jartzeko.

Hortaz, interesa duten guztiei erakutsi nahi die udalak horrelako instalazioetan egiten den lana. Dagoeneko, Martuteneko eta Bidebietako konpost guneak bisitatu dituzte hainbat ikastetxetako ikasleek. Udazkenean denei sartzen uzteko jardunaldi batzuk antolatu zituzten Beraberako eta Añorga Txikiko konpost guneetan, eta, larunbat honetan, aterak denontzat zabalik egongo dira Bidebietako konpost gunean.

Gunea, 2016an inauguratua, partaide gutxi ditu oraindik, hortaz, udalak inguruetako herritarrei ikustera hurbiltzeko gonbita luzatu nahi die, bai eta erabiltzera adoretu ere. 11:00etatik 13:00ak arte egongo da zabalik gunea, oparitxo bana jasoko dute bertaratzen diren guztiek.

Iturria: donostia.eus

Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies. +Info

Cookien erabilpena. eskolankonposta.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko eta azterketa analitikoak egiteko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Uso de cookies. eskolankonposta.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación y realizar analíticas. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

Itxi / Cerrar