Eskolan  Konposta

albistea

Pipa azalekin konposta

Azken urtean 100 tona pipa inguru kontsumitu ziren liga osoko futbol estadioetan. Eta pipa horien azalen %70 baino gehiago lurrera bota ziren. Horrek arazo bat dakar, garbitasunaz haratago, beste hondakin batzuekin nahasi eta ezin direlako birziklatu. Aitzitik, bereizita jasotzen baditugu, errefusa izatetik lehengai baliotsu izatera igaro daitezke.

Horregatik, Real Sociedad Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak, Ekotraderen lankidetzarekin, ekimen berritzaile bat garatu dute, Espacios Intermedios diseinu estudioak asmatua, gestio sozialean eta ingurumenekoan urrats bat aurrera egiteko. Horretarako, “Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara” kanpaina sortu dute, eta hortik aterako den produktua ongarri bat da, Anoetako estadioan jasotako pipa azaletatik sortua, Kutxa Ekogunearen Gipuzkoako baratzetako lurra ongarritzeko.

Zertan datza egitasmoa? Zaleei ontzi laranja biodegradagarri bat emango diegu, landareen tintaz diseinatua, partidan zehar pipa azalak sartzeko. Horrela, proiektuaren aktore nagusi bihurtuko dira, parte hartzea erabakigarria izango baita arrakasta izateko.

Partiden ondoren, zaleek berariaz jarritako kolore berdineko edukiontzietan sartuko dituzten ontziak. Ondoren, baratzetako hondakin freskoekin nahastuko dira, konpostatzeko metetan, eta, 9-12 hilabeteko prozesu baten ondoren, ongarri zaku bihurtuko dira Gipuzkoako lurrerako. Horrenbestez, egitasmoaren sinbolo bat edukiko dugu, jendearen ekarpena gauzatuz eta objektu baliotsu bihurtuz.

Proiektua Anoeta Estadioan  tribunaz-tribuna jarriko da martxan, azken bi partidetan Estadioko Ekialdeko Tribunaren Goikaldean probatu eta emaitza bikaina lortu ondoren.

Hurrengo bi partidetan Ekialdeko Tribunaren Behekaldean eta Aitor Zabaleta Tribunaren Goikaldean martxan jarriko da projektu, ondoren beste tribunetara hedatzen joateko.

Projektu hau Estadioan hedatzeko ATZEGIren laguntza daukagu. Bera da hau gauzatzeko behar diren bolondresak jartzen dituena, “Gure txanda da” bere sentsibilizaio kanpainarekin bat eginez.

Ekimen horrekin, Realak erantzukizun sozialean eta pertsonekiko eta ingurunearekiko konpromisoan jokatu beharreko rola jokatzen du, jakitun baita futbola izan daitekeela biderik onena ingurumen portaera jasangarriagoak bultzatu eta anplifikatzeko.

Halaber, Kutxa Ekoguneak gizartean ohitura jasangarriak ezartzea bultzatzen du, eta ekonomia zirkularra sustatzen du, klubarekin zein zaleekin elkarlanean arituz.

“Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara”, hondakinak kudeatzeko egitasmo aitzindaria, gizarte osoarentzako jarraibide bihurtu nahi dena.

 

Oiartzungo Elizalde Herri Eskolak urteko konposta atera du

Gaur goizean Elizalde Herri Eskolako ikasleekin egon gara urtean zehar egin duten lana ikusteko. Bertako ikasleek bi konpostagailu erabiltzen dituzte eskolan hamaiketako garaian eta Haur Hezkuntzako fruta egunean sortutako hondakin organikoak biltzeko. Aste honetan bi konpostagailuak beteta zeudela topatu dute eta lehenenego konpostagailuko konposta eginda zegoela ikusi dute. Beraz konpostagailua hustu da, berriz ere prozesuarekin hasi ahal izateko. Guztira bi zaku handi konpost atera dute eta ikastetxeko zuhaitzetan eta ikasleekin tailerrak egiteko erabiliko da.

Don Bosco Institutuko ikasleek hondakinen prebentizorako ikastaroa jaso dute

Errenteriako Don Bosco lanbide heziketako ikastetxe integratuan hondakinen prebentziorako ikastaroa jaso dute azkeneko aste hauetan. Ikastaroa lehenengo mailan dauden ikasleek jaso dute eta hondakin arriskutsuen eta etxe hondakinen prebentziorako informazioa jaso dute. Automozioa, eraikuntza metalikoak eta soldadura, elektronika-telekomunikazioak, hotz eta beroa, kimika eta mekatronikako departamentuetako ia 500 ikaslek parte hartu dute ordubeteko jarduera honetan.

Eskolan Konposta proiektuan beste lanbide heziketa zentru hauek ere parte hartzen dute:

  • Usurbilgo Lanbide Eskola
  • EAGI Lasarte
  • “Blas de Lezo” Pasaiako Itsas Arrantza

Kalitatezko konposta proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetan

Gaur Donostiako Altza Herri Ikastetxean egon gara eta azkeneko urtean egindako lanaren emaitza ikusteko aukera izan dugu. Ikastetxe honetan konpostagailu bat jarri zutela lau urte pasa dira jada eta baratzaren ezinbesteko elementua bilakatu da. Konpostagailu honen bitartez ikastetxean sortzen diren hondakin organikoen zati handia kudeatzen da. Ikasleek gune ezberdinetan sortutako hondakinak, irakasleen geletan sortzen dena, baita Haur Hezkuntzan ohikoa den “fruta egunean” sortutakoa ere.

Lortu den konposta baratzan erabiltzeko prest utzi dute. Horretarako konpostagailua ireki eta barruko produktu guztia galbahetik pasa dute. Honela, gelditzen ziren egur zatiak kendu dituzte eta konpost fina eta garbia lortu dute.

Dagoeneko 53 ikastetxek parte hartzen dute Eskolan Konposta proiektuan, ikastetxerako baliabideak lortuz eta ikasleekin saio didaktikoen bitartez hondakinen prebentzio kanpainia egitea lortuz.

 

Hondakinen prebentziorako europar astea

Azaroak 17tik 25era Hondakinen Prebentziorako Europar Asteak hondakinen kudeaketan eta baliabide jasanagarrien erabileran sentsibilizazioa lantzea du helburu. Publiko zabalari irekia dago (erakunde publikoak, entitate pribatuak, gizartea eta biztanle indibidualak).

Zeintzuk dira Hondakin Prebentziorako Europar Asteko helburuak?

  • Gizartea hondakinen prebentzioan, produktuen berrerabileran eta materialen birziklapenean hausnarketa egitea, europar politikak eta herrialde bakoitzeko irizpideak lantzez gain.
  • EWWRek egiten duen lanaren ikusgaitasuna zabaldu.
  • Gizartea ekimen ezberdinetan mugitzea lortzea.
  • EWWR-n parte hartzen duten alderdien gaitasunak berregin, beren beharretara egokitutako komunikazio eta prestakuntza tresnak eskainiz.
  • Komunikazio kanpainak eta ekintzen eragina ebaluatzea, jokabide aldaketetan oinarrituta, kontsumitzeko era eta hondakinak kudeatzeko era aztertuz.

Eskolan Konposta proiektuatik urte osoan ikastetxeetako hondakinen prebentizoan egiten dugu lan, baita hondakinen birziklatze egokian ere.

Informazio gehiago: EWWR

11900 donostiarrek organikoa birziklatzeagatik hobaria jasoko dute

Iturria: El Diario Vasco

Bosgarren edukiontzia erabiltzen duten 11.898 donostiarrek 2017an sistema egokiro erabiltzeagatik dagokien hobaria jasoko dute. 24.717 familietatik %48a suposatzen du honek, Joko Garbian izen ematea egin zuten familietatik. Honek esan nahi du beste familiek ez dituztela hobaria jasotzeko baldintzak bete.

Jaime Dominguez-Macayak, Ogasun zinegotziak azaldu duen bezala, 12,87€ jasoko dute zerbitzua hilabetean lau aldiz erabiltzegatik urteko 10 hilabetetan.

 

 

Epeleko konpostatze planta, martxan

Iturria: Goiena

Orain arte egon diren akatsak konponduta, martxan da dagoeneko Epeleko konpostatze planta. 10 milioi euroko kostua izan du, eta 10.000 bio-hondakin tonari emango dio tratamendua. Halaxe azaldu dute gaur plantara bertara hedabideekin egindako bisitan Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta GHK-ko presidenteak, eta GHK-ko zuzendaria den Cesar Gimenok.

Plantaren diseinuan egondako akatsek atzeratu dute orain arte planta bere gaitasun osoan erabili ahal izatea.

Gipuzkoako bio-hondakinen %25 hartuko du Epeleko plantak. Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, kalitate goreneko konposta fabrikatuko da Epelen, teknikoki medeagarri organikoa dena. Dagoeneko, hasi dira azken hilabeteetako frogaldietan sortutakoa saltzen.

Ikusi Bideoa

FCCk eta Serbitzuk osatutako UTEak ustiatuko du Epeleko konpostatze planta. 4,3 milioi eurotan adjudikatu zaie, hasiera batean lau urterako, baina beste bi luzatzeko aukerarekin. Eta beraiek izango dira plantan lortutako produktua komertzializatuko dutenak Gipuzkoako Konposta markarekin. Datorren astean sinatuko dute UTEarekin kontratua, eta ordutik hilabetera hasiko dira lanean aurreikusten diren bederatzi langileak. Momentu honetan, Gipuzkoako Hondakinen kontsortzioko hiru langile dabiltza bertan lanean.

KONPOSTAREN FESTA, AGUSTINETAN ETA FANDERIAN

Iturria: Oarsoaldeako Hitza

Konpostaren festa egingo du udalak laugarrenez larunbatean. Oraingoan, Fanderia eta Agustinetako auzokonposta guneetan, hain zuzen ere, herrian dauden halako sei guneetatik bitan. Agustinetan 10:00etatik 11:30era egingo dute festa, gune horretan kokatutako zenbait ontzitan kalitatezko konpost heldua dagoela baliatuta. Horietako bat hustuko dute auzolanean eta bertaratzen diren bizilagunen artean banatuko dute ateratako konposta hori. Konposta erabiltzeko  gomendioen orria ere banatuko du udalak.

Fanderian berriz, 12:00etatik 13:00etara egingo dute festa, eta bertako familiei konpostajearen prozesuan jarraitu beharreko pausuak gogorarazteko saioa egingo dute, baita familia gehiago animatzeko jarduera ere.

Bi festetan Izadi 21 enpresako teknikariak izango dira, eta auzokonpostan parte hartzen duten bizilagunei begira antolatu badute ere, interesa duen edozein herritarrak har dezake parte. Horren harira, Errenteriako Udalak Agustinetako eta Fanderiako bizilagunak konposta gertutik ezagutzera deitu ditu. Auzokonposta programan parte hartzen duten bizilagunek, beraiek sortutako biohondakinak herrian bertan kudeatu, hondakinen sorrera prebenitu, bilketarako udal gastua murriztu, eta ingurumenari mesede egitea lortzen ari dira. Sei auzokonposta gune daude Erreteria-Oreretan: Fanderia, Agustinak, Gaztañon (2), Alaberga, eta Uztargi Haur Eskolakoa.

Helduta dagoen konposta antzematen denean, konpostaren lagunak homologatutako laborategi batera eramaten dituzte konpostaren kalitatea neurtzeko.

Zorri, barraskilo eta bareekin kontuz ibili behar da baratzean

Iturria: El Diario Vasco

Eguberria gainean dugu, eguraldia hobetzen doa eta hemendik gutxira lorak eta fruituak nonahi ikusiko ditugu Igartubeitin. Denbora bada Igartubeitikoek baserriko baratzea lantzen hasi zirela, poliki poliki eta Jakoba Errekondoren aholkuek ere bizi bizi mantentzen laguntzen dute.

«Martxoaren erdin, gau eta egun berdin», dio esaerak. «Udaberriak indarra ekarriko die gure baratzei, beraz, urteko landaketa garrantzitsuenei ekiteko garaia iritsi da. Aurretik nahastu ditugun kare eta ongarriak lurrarekin doi-doi nahastu behar ditugu lehendabizi, landaketak egin aurretik», azaltzen dute baserritik.

Zerba edo azelga landatzeko garaia da. Gaur egun ezagutzen edota kontsumitzen ditugun zerba mota ezberdinen jatorria hauen familiako beste zerba basati batean dute, baita erremolatxak ere. Izatez Mediterraneo aldekoak diren arren, klima hotzagoa eta umelagoa duten lekuetan ere ederki asko etortzen da. Gaur egun barietate edota kolore ugarikoak daude, eta ohikoa bihurtzen ari da lorategietan landatzea ere, kolore ezberdinak lortzeko.

«Baina udaberriarekin etorriko den leherraldia ez da landareetan soilik gertatuko. Izurrite eta aurkariak ere sasoi honetan iratzarriko dira (barraskiloak, bareak, zorriak…). Beraz hauei aurre egiteko ere prestatu beharko dugu», diote Igartubeititik.

Zorriak akatzeko aurkari naturala dugu amona mantangorria, beraz azken hauek ondo zaindu gure inguruetan. Bestalde salbia, erromeroa edo albahaka landatu dezakegu baratze inguruan zorriak uxatzeko. Bestetik, baratzuriarekin edo tabako belarrarekin egindako salda banatu dezakegu ere zorria duten landareetan, beti ere xaboi pixka bat nahastuz.

Barraskiloak eta bareak uxatzeko ere aholku batzuk luzatzen dizkigute baserritik: lurrean zuloa egin eta pote ireki bat jarri garardoz eta urez beteta. Garagardoak erakarrita pote barruan geldituko dira. Edota baratze inguru guztian su-hautsa, errautsa edo txikitutako arrautzak zabaldu, honek azala erretzen baitie; usainbelarrak landatzeak ere badu bere eragina.

Baratzea

Baratzea zaintzen jarraitzeko, hilabete hasiera honetan ere Jakoba Errekondoren aholkuak zabaltzen dizkigute Igartubeititik.

«Baratzean landatuta ditugun landareak estalkiren batekin babestu behar ditugu, izotzak erabat izorratu ez ditzan», dio Errekondok. Loreontzietan ditugun landareak babesera eraman beharko ditugu, estalpe azpiren batera.

Egin beharreko lanen artean baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu beharko dugu aitzurrarekin, urak errazago zirkula dezan. «Lurra babestu eta deskantsatzen utzi beharko dugu. Landatu gabeko lurrak simaurrez estali, beldurrik gabe», dio adituak. Sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko.

Orbel garaia amaitzear da eta hau biltzearen gomendioa luzatzen dute Igartubeititik, konposta egiteko, azpitarako… «Hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lehortzen utzi behar ditugu. Bestetik, neguko zenbait lora landatzeko garaia da: lilipa, nartzisoa, irisa, pentsamendua… Eta aldi berean ere, hostoa galtzen duten zuhaitz, zuhaixka eta abar landatzen hasi gaitezke. Izotza baldin bada ez egin landaketarik», diote.

Azkenik, fruta arboletan ustelduta geratu diren fruituak kendu eta erreko ditugu; podaketa ere egingo dugu, eta podatu ditugun adarrak aldaxkak bezala landatu ahalko ditugula diote baserritik.

 

Zer egin konpostarekin? 1. Jarduera

Konposta lortu duzue, eta orain zer egin? Horretarako unitate didaktiko ezberdinak prestatzen joango gara eta ikasleekin hainbat tailer egiteko aukera izango duzue.

DOKUMENTAZIOA atalean egongo dira deskargatzeko hainbat dokumentu. Oraingo honetan 1. jarduera daukazue eskura.

 

Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies. +Info

Cookien erabilpena. eskolankonposta.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko eta azterketa analitikoak egiteko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu. Uso de cookies. eskolankonposta.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación y realizar analíticas. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

Itxi / Cerrar